Etxe bat 1,2 milio euroan salgai jarri dutela salatu dute Donoztirin
80 bat herritarrek babestu zuten Arberoa Lurra eta Bizitza kolektiboak Donoztirin antolaturiko ekimena. Nafarroa Behereko herrian etxe bat 1,2 milio euroan salgai eman dutela jakinik, espekulazioaren aurrean ardura hartzera deitu zuten antolatzaileek.

Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak eginiko deiari jarraituz, 80 bat herritarrek parte hartu zuten, Donoztirin, etxalde bat 1,2 milio euroan salgai ezarri dutela salatzeko protesta ekitaldian.
«Mingarria zaigu etxaldeak eta bere hiru hektarea lurrek laborantza funtzioa galdu izana», deitoratu zuen kolektiboak 1.200.000 euroan salgai jarri duten etxaldearen geroa defendatzeko eginiko mobilizazioan.
«Etxe kario-Maison chère» zioen seinalea jarri zuten manifestariek, maiatzaren 18an, etxaldera daraman bidean, Mediabask hedabideak plazaraturiko berriaren arabera.
«Droit au logement-Etxebizitza eskubidea» aldarrikatzen zuen banderola zabaldu zuten etxebizitza arloko krisiaz ohartarazteko eginiko mobilizazioan.
Etxe bat nehork gutxik eros dezakeen prezioan salgai eman dutelako antolatu zen protesta. Hala ere, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak argi utzi zuen arazoa ez dela prezio neurrigabea duen salmenta zehatz horretara mugatzen. Hainbat datu eman zuen taldeak espekulazioaren eragina gero eta zabalagoa dela frogatzeko.
«Donoztiriko etxeen %15 bigarren etxebizitzak dira eta %10 hutsik daude», azaldu zuen Arberoa bailarako kolektiboak. «Etxebizitza eskubidea da; ez da sosa irabazteko bide bat», adierazi zuten taldeko ordezkariek, eta bailarako egoera larriaren aitzinean arduraz jokatzera deitu zituzten eragile guztiak, saltzaileak, higiezinen bulegoak zein erakundeak.
Laborantzarako balio zezaketen etxalde eta lurrak salgai ezarri dituzten jabeei zuzendu zitzaien bereziki.
«Etxe edo lur jabeei galdegiten diegu ez dezatela espekulatu, ez daitezela aberastu usu aspalditik amortizatuak dituzten etxeak salduz, baizik eta etxe horiek prezio onargarrian sal ditzaten», adierazi zuten kolektiboko kideek.
ETXEJABEAREN HASERREA
Hain zuzen, Donoztirin prezio neurrigabe horretan etxea salgai jarri duen pertsona bertaratu zen eta protestan zirenei «beren aferetan sartzeko» eskatu zien. Horren ondotik, Mediabask-i eginiko adierazpenetan erran zuen bera ez dela gertatzen denaren erantzule. «Nik ez dut Euskal Herria salgai eman; Frantzian gaude eta nahi dugun bezala saltzeko eskubidea dugu», gaineratu zuen.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
