EDITORIALA

Salbuespenaren korapilo judizial amaigabea

Atzo jakin zenez, Auzitegi Konstituzionaleko Fiskaltza Bateragune auziko epaiketa errepikatzearen aurka agertu da. Bere arrazoia nagusia da errepikapenak «kalte nabarmena» ekarriko liekeela auzipetuei. Albisteak dioenez, beste epaiketa bat egiteak «errudunentzako karga» ekarriko luke, eta Estatuak aurreko jardunbide txarra «ezabatu edo garbitu» ahal izateko baino ez luke balioko. Orain, afera bitxi eta luze honetan, Auzitegi Konstituzionalak zer erabakiko duen jakitea baino ez da falta.

Kasu honetan dena da izugarria. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezi ETAren aginduetara aritzea leporatu zieten, hain zuzen ere ziklo aldaketa ekarri zuen ezker abertzaleko eztabaida estrategikoari ekin ziotenean. Sarekada 2009ko udazkenean egin zuen Poliziak espainolak Baltasar Garzon epailearen aginduz, eta Auzitegi Nazionalak 2011n zigortu zituen. 2018an sei eta sei urte eta erdi arteko kartzela-zigorrak osorik beteta zituztenean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena iritsi zen, epaiketa bidegabea izan zela zioena. Bazirudien epai horrekin dena amaitua zela baina, ustekabean gidoia aldatuz, Auzitegi Gorenak deliberatu zuen epaiketa errepikatu beharra zegoela. Aukera hori kondenatuek eskatuta bakarrik gerta zitekeen, eta ez zuten egin, jakina. Gorenaren trikimailu bat baino ez zen, Europako auzitegiaren erabakia saihesteko eta buruzagi independentistak jomugan mantentzeko amarrua. 13 urte beranduago, epaiketa bidegabe haren ondoren, zigorra beteta eta oraindik Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain.

Ez da lehen aldia Justizia espainolak ez diona jaramonik egiten Giza Eskubideen Auzitegiaren epai bati. Iaz ere gertatu zen, Xabier Atristraini ezarritako zigorra berrikusi ez zuenean. Inputazioak eraikitzea, oinarri legalik gabeko prozesuak irekitzea, kondenak luzatzeko legea bihurritzea eta tortura ez ikertzea izan dira independentismoaren aurkako praktika judizialetako batzuk, eta, orain, Europar Auzitegiaren ebazpenei desafio egin zaie. Justizia espainolak gatazkan temati jarraitzen du, eta egiari, bakeari eta bizikidetzari egiten dion ekarpena hutsala da oraindik.