GARA
DONOSTIA

Hondamendi- eremu izendapen eske Hernani, Urnieta eta Ereñotzu

Ereñotzuko toki-erakunde txikiak eta Hernani eta Urnietako udalek hondamendi-eremu izenda ditzatela eskatuko diote Gobernu espainolari, joan den larunbateko euri-jasen ondorioengatik. Izendapena onartzen badiete, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte, kalteei aurre egiteko.

Ohar batean gogorarazi zutenez, maiatzaren 19tik 20rako gauean «euri-jasa handiak izan ziren, Urumea bailaran kalteak eragin zituztenak; ez bakarrik Nafarroan, Gipuzkoan ere izan ziren». Ereñotzuko alkate Unai Erroitzeneak, Hernaniko alkate Xabier Lertxundik eta Urnietako alkate Jorge Seguradok erabaki dute hondamendi-eremu izendatzeko eskatzea. Gainera, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuarekin biltzea eskatu dute, eskaerari elkarrekin heltzeko.

Leku bat hondamendi-eremu den onartzeko ala baztertzeko, hainbat puntu hartu behar izaten dira kontuan: kalte pertsonalak, kalteak etxebizitzetan eta tresnerian, merkataritza-gune eta enpresetako kalteak, nekazaritzako kalteak, abeltzaintza eta baso-esplotazioetakoak, azpiegitura publikoetako eta errepideetako kalteak, neurri fiskal edo lan arlokoak hartzeko beharra, eta udalak lehenbailehen egin beharreko ekintzen beharra.

NAFARROAN LANEAN

Berak, Lesakak eta Aranok jada egin dute eskaera eta baliteke Nafarroako Gobernuak gaur egingo duen bileran onartzea. Aitor Elexpuru Berako alkateak honakoa adierazi du: «Oraindik goiz da jakiteko zenbateko kalteak diren, baina handiak izan dira».