GARA
DONOSTIA

Adegik ekonomia %2 haztea eta 4.000 enplegu aurreikusten ditu Gipuzkoan

Gipuzkoako enpresen konfiantza «apur bat suspertu da, urtarrilean baino puntu erdi gehiago, eta enpresen batez besteko fakturazioa %1,7 hazi da; zorroa % 2,7 hazi da industriari eta zerbitzuen sektoreari esker, eraikuntzan gelditu den bitartean». Adegik Gipuzkoako enpresen artean egindako inkestaren emaitzak dira.

Adegiko arduradunek batzar nagusian aurkeztuko dituzten datuak azaldu zituzten atzo.
Adegiko arduradunek batzar nagusian aurkeztuko dituzten datuak azaldu zituzten atzo. (Maialen ANDRES | FOKU)

Adegi patronalak aurreikusi duenez, Gipuzkoako ekonomia %2 inguru haziko da aurten, 2022an hazi zenaren erdia (%4,2), eta «3.000 eta 4.000 enplegu artean sortuko dira lurraldean». Urtero bezala, Adegiren Batzarraren bezperan eta Enpresaren Egunean Eduardo Junkera presidenteak agerraldia egin zuen, Jose Miguel Ayerza patronaleko zuzendari nagusiarekin eta Patxi Sasigain Lehiakortasun eta Berrikuntza zuzendariarekin batera.

Eduardo Junkeraren esanetan, «enpresen konfiantza apur bat suspertu da, urtarrilean baino puntu erdi gehiago, eta enpresen batez besteko fakturazioa %1,7 hazi da; zorroa %2,7 hazi da industriari eta zerbitzuen sektoreari esker, eraikuntzan gelditu egin den bitartean». Bestalde, «ekoizpen ahalmenaren erabilera %84 ingurukoa da, soldatapeko enpleguaren hedapen handiko testuinguruan».

Bestalde, «ekoizpen ahalmenaren erabilera %84 ingurukoa da, soldatapeko enpleguaren hedapen handiko testuinguruan». «Azpimarratu behar da merkataritzan eta ostalaritzan hamar puntu gutxiago direla», gaineratu zuen.

Enpleguari dagokionez, «enpresen %91k enplegu mailari eustea edo handitzea» aurreikusten dute, «urtarrilean baino puntu erdi gutxiago, eta iazko irailean baino puntu eta erdi gutxiago». Hori dela-eta, Adegik uste du aurten Gipuzkoan «3.000 eta 4.000 enplegu artean sor daitezkeela».

Adegiko presidenteak esan zuen lehengaien eta energiaren hornidura eta prezioa, lan kostu handiak eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak «enpresen kezka nagusiak» izaten jarraitzen dutela.

Horrez gain, «salmenten errentagarritasunak behera egin duelako kezka dago, enpresen %30 baitira», eta «errentagarritasunaren beherakadak arazoa izaten jarraitzen du lau industria enpresatatik batentzat, eraikuntzako enpresen ia erdiarentzat eta zerbitzuen sektoreko hamar enpresatatik hirurentzat».

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Adegiko presidenteak nabarmendu zuenez, «gehien handitzen den kezka faktorea bankuen finantzaketarekin lotutakoa da, 2015etik ikusten ez ziren mailetan baitago». Gai horren inguruan Ayerzak espero du interes tipoen igoera «datozen hilabeteetan arinduko» dela, eta espero du etorkizunean igoera «neurrizkoagoa» izatea eta Gipuzkoako enpresen «jardueran eta inbertsioan eraginik ez izatea».

Bestalde, Junkerak nabarmendu zuen egungo «testuinguru konplexuan» Adegik Gipuzkoako hitzarmen nagusiak negoziatu eta adostu dituela: Alojamenduak, Papera, Eraikuntza, Arte Grafikoak, Elikagaien Industria eta Merkataritza, Ehunen Merkataritza, Egoitzak eta asteartean bertan sinatutako Metalgintza.

«Sindikatu guztiek modu batera edo bestera parte hartu duten akordioak dira», adierazi zuen. Metalaren akordioak «egonkortasuna» sortzen duela gaineratu zuen.