Ximun LARRE
SENPERE

Euskal Herriaren historiari loturiko memoriala, larunbaterako prest

Anai Artea elkarteak zenbait urtez landu duen proiektuak argia ikusiko du larunbatean: Senpereko Ibarrun auzoan ofizialki inauguratuko dute Euskal Herriaren historiari buruzko memoriala. 22 mugarri jasotzen ditu, hainbat historialariren lanari esker.

Amaiurko Gazteluaren setioaren 500. urtemugaren ekitaldia, 2022ko uztailean.
Amaiurko Gazteluaren setioaren 500. urtemugaren ekitaldia, 2022ko uztailean. (ñigo URIZ | FOKU)

Senpere eta Azkaine artean, Donibane Lohizuneko bide zaharraren eta D918 bidearen (Zubiondoa pasabidea) artean, kokatuko ute Euskal Herriaren historiari buruzko memoriala; zehazki, Ibarrun auzoan. Anai Artea elkarteak sustatutako proiektua datorren larunbatean, hilaren 27an, inauguratuko dute.

Piarres Larzabalek eta Telesforo Monzonek 1969. urtean sortua, errepresio frankistatik ihesi zihoazen euskal iheslariei laguntza emateko helburu irmoarekin, Anai Arteak Ipar Euskal Herrian kontzientzia abertzalearen garapenean funtzio garrantzitsua jokatzen lagundu zuen. Hala, memorialaren ideia une batetik goiti ernatu zen bere kideen gogoan.

«Urrats anitz izan dira. Lehenik, euskal gatazkaren azkenaldiko garaiari buruz zerbait egitea pentsatu genuen. Gero bururatu zitzaigun ea zergatik ez zabaldu hori 1936ko iheslariei edo euskal identitatearen beste aspektu batzuei. Hori guzia landu behar zen, eta, historialariekin solasean, Euskal Herriko historiari buruzko memoriala egiteko ideia sortu zen, ez baitzen egina», azaldu dio Kazeta.eus hedabideari Mixel Mendiboure Anai Arteako kide historikoak.

EUSKAL HERRIKO HISTORIAREN 22 MUGARRI

Proiektua abian jarri ondoan, Anai Arteak historialari ezberdinekin hitz egitea deliberatu zuen. «Garai desberdinetarako ezagunenak izan zitezkeenekin harremanetan jarri ginen, bakoitzari bi data garrantzitsu atxikitzeko eskatuz. Gerora, Peio Etcheverry-Ainchartek sintesi bat landu du eta 22 data edo gai gako hautatu ditugu», segitu du Mixel Mendibourek.Historiaurretik hasi eta Lizarra-Garaziko Akordioraino, XI. mendean Antxo Handia erregearengandik pasatuz, edota euskarazko lehen liburu idatzia (1545) bisitatuz, baita XIX. mendeko karlistaldiak ere... Horiek dira hautatuak izan diren une gakoetako batzuk.

Xabi Oterok, Xarles Bidegainek, Maitea Urmenetak, Jean-Louis Davantek, Nabarralde fundazioak, Claude Labatek, Aurelia Arkotxak, Jean-Claude Larrondek, Eneko Bidegainek, Battitta Larzabalek, Iñaki Egañak eta Peio Etcheverry-Ainchartek berak, egindako lanaren emaitza da gure herriko historiaren mugarrien berri ematen duen proiektu hau.

FILMAK ESKURAGARRI QR KODEAN

Data bakoitzarentzat, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sei minutu inguruko film bat egin du (euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez) eta QR kode bidez eskainia izanen da memorialean, Euskal Herriko historiari buruzko hogei bat minutuko film batekin batera, haurrekin egina.

Lekuan berean zuhaitzak landatu dira eta Iñaki Iriarte artista saratarraren eskultura batekin nabarmenduko dute. Obra larunbatean ezagutaraziko dute, eta, inaugurazio ofizialaren ondotik, nahi duen orok Euskal Herriaren atzera begirakoaz jabetzeko modua ezin hobea izango du.