EDITORIALA

Osakidetzaren gainbehera gero eta ageriagoa

Osakidetzako itxaron-zerrendei buruzko datuek erakusten dutenez, osasun-sistema publikoaren egoera Iñigo Urkulluk eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman nahi duten iruditik nahiko urrun dago. 2022an, ebakuntza baten zain zeuden pertsonen zerrendan 1.316 pertsona gehiago zeuden. Batez besteko itxaron-denbora ere bi egun luzatu zen, eta ebakuntzaren zain seis hilabete baino gehiago ematen duten pazienteen proportzioa hamarren bat igo da, %7tik %7,1era. Atzerapen horiek sufrimendua luzatu baino ez dute egiten, eta, gainera, epe luzera nahi gabeko eragina izan dezakete pazienteengan. Hori guztia, gaixorik egoteak eta dei baten zain egon beharrak sortzen duen ziurgabetasunak eragindako sufrimendu psikologikoa kontuan hartu gabe.

Are larriagoa da espezialistarekin lehen kontsulta izateko itxaron-zerrendak duen egoera. Kasu honetan, atzerapenen kopurua izugarri handitu da. 2021aren amaieran 32.703 pertsona zeuden; 2022aren amaieran 23.476 gehiago, hau da, urtebetean %71 hazi da. Horretaz gain, hirurogei egunetik gora itxaron behar zuten pazienteak zazpitik bat ziren 2021ean; 2022. urtean kopurua bikoiztu egin da, eta zazpitik bi izatera igaro dira. Batez besteko itxaronaldia ere 14 egun luzatu da, 34 egunetik 48 egunera. Atzerapen horiek, sufrimendua eragiteaz gain, galera handiak eragiten dituzte, besteak beste, ekonomian. Tratamenduak atzeratzeak, lanaldiak galtzeaz gain, langileen produktibitateari ere eragiten dio. Gai horrek bereziki kezkatu beharko luke Urkulluren gobernua, batik bat oso arduratsu agertzen delako enpresen osasun ekonomikoari eragiten dion guztiarekin.

Datu horiek ikusita, argi dago joan den urtean Osakidetzak pazienteei eskaintzen zien arretak okerrera egin duela nabarmen. Eta hori ere islatzen da euskal osasun zerbitzuak beste autonomia erkidego batzuetakoekin alderatuta duen posizio-galeran. Arazoak pilatzen ari dira Osakidetzan, EAJren urteetako kudeaketa autokonplazientearen ondorioz. Gainbehera ezin da politika berdintsuekin konpondu. Osakidetzak erabateko aldaketa behar du.