Jon ORMAZABAL
PILOTA

Saguaren burua izatea dagoeneko ez dute nahikoa

Joanes Bakaikoa eta Iker Salaberria.
Joanes Bakaikoa eta Iker Salaberria. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Euskarara ekarrita, «hobe saguaren burua izatea, katuaren buztana baino» dio esamolde batek. Alta, larunbatean Promozioko Buruz Buruko finala jokatuko duten Joanes Bakaikoak eta Iker Salaberriak inork baino hobeto dakite esaera horrek ez daukala lekurik pilotan. Aurrera egiteko izarren artean leku bat egin beharra dute pilotariek eta, nahiz eta azken urteotan Promozio mailako txapelak hurrengo urteko lehen mailakoan atarikoa jokatzeko aukera baino ematen ez duen, bi pilotari nafarrek ezin diote eliterako biderik motzenari uko egin. Hamaika urte dira Jon Jaunarenak eta Joseba Ezkurdiak nafarren arteko azken finala jokatu zutela eta txapel hori ez zuen nahikoa izan leitzarrak esperotako pilotari ibilbidea osatzeko.

Maila honetan eskarmentu handiko bi pilotari ariko dira elkarren aurka, oso irekia aurreikusten den partidan, zerbaitegatik izango baita Etxarri Aranatzekoak Promozioan jokatuko duen seigarren finala -bi txapela ditu jantziak kaiolan eta beste bat kantxa osoan-. Goizuetarrarentzat bakarkako hirugarrena izango da jarraian -Alberdiren kontra kantxa osoan galdu egin zuen eta beste azpeitiar bati, Egigureni, irabazi egin zion lau eta erdikoan-. Urrutiegi joan gabe, lehen mailako finalerdiak jokatutako Aitor Elordiri (iaz Salaberriak) eta Dariori 2018an (Bakaikoak) buruz buru irabazitakoak dira eta haien bideari jarraitzea dute amets.

2018ko finala Erasuni irabazi zionetik txapelketa honetan jokatu gabea zen Joanes Bakaikoa eta aurten jokatutako partida guztiak irabazi ditu finalera heldu aurretik. Hala ere, partida gogorra espero du sakandarrak «urte guztian zehar hor goran dabilen» pilotari baten aurka. «Badakit pilota lauaz aurretik uzten badiot, oso azkar amaitzen duela tantoa eta saiatuko naiz aukerarik ez uzten hor aurrean eta nire erritmoa jartzen», azaldu zuen.

«BAKAIKOA FABORITO»

Iker Salaberriak, bestetik, argi utzi nahi izan zuen, «duen ibilbideagatik» Joanes Bakaikoa dela larunbaterako faborito argia, «baina hemen faboritoek ez dute beti irabazten eta saiatuko naiz nire jokoa egiten. Lortzen badut, aukerak izango ditut irabazteko».

Buruz Burukoak ez du sekretu handirik eta Aspeko goizuetarrak ere oso argi du zer egin behar duen. «Sakea, errestoa eta pilotakadak gozatu. Gainera, fin aritu behar dut anguloak topatzerakoan».