GARA
IRUÑEA

UEUren Udako ikastaroak «hausnarketa eta gogoeta gune» bilakatuko dira

Formakuntza gune izatetik hausnarketa gune izatera pasatuko dira Udako Ikastaroak. 17 saio izango dira ekainaren 12tik uztailaren 12ra.

Aurkeztu dituzte aurtengo Udako Ikastaroak.
Aurkeztu dituzte aurtengo Udako Ikastaroak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

UEUren Udako Ikastaroak aurkeztu zituzten atzo Iruñean. Joan den urteko bideari jarraiki, aurtengoan ere formatua aldatu eta «gogoeta eta hausnarketa gune» bihurtuko dituzte. Hamazazpi jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte zenbait eragilerekin elkarlanean, «euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gauzen inguruan hausnartzeko helburuarekin». Euskal Herriko zortzi herritan egingo dira ekainaren 12tik uztailaren 12ra.

Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagunea izango da UEUren eskaintza, Irati Iciar arduradunak esandakoaren arabera. Lehen ediziotik 50 urte bete ziren iaz, eta Iciarrek azaldu zuen «ibilbidea ospatzeko eta hausnartzeko» parada izan zutela. Orduan erabaki zuten izaera aldaketa: «Aurten ere, zenbaki biribila ez izan arren, bide horri eutsi, formazio esparrua gainditu (hori urtean zeharreko eskaintzarekin bideratuko dugu) eta Udako Ikastaroak gogoeta gune bezala finkatzea erabaki dugu». Iciarrek adierazi zuen aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa dela: «Hausnarketaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburu».

FORMA ETA ESKAINTZA ZABALA

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak zehaztu zuen helburua Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidak eremu akademiko euskaldun batean egitea dela, eta horretarako egindako formatu aldaketei erreferentzia egin zien: «Hasiera batean hitzaldi irekiak ziren; ondoren, jakintza alor espezifikoak; laburragoak eta adituei begirakoak, azken urteetan; eta hausnarketarako eta gogoetarako guneak dira orain».

Hilabete batean egingo dira aurtengo ikastaroak; Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbilen egingo dira. Matrikula guztiek 10 euroko prezioa dute, eta www.ueu.eus webgunean dago informazio guztia.