Ramon SOLA

Hauteskunde aurreko mirariak

Lan arloan guztiz gatazkatsuak izan dira azken hilabeteak, baina hauteskunde bezperetan hiru akordio handi adostu dira: Gipuzkoako Metalgintzan, Bizkaiko erresidentzietan eta Justizia arloan, horietako batzuk «pentsaezinak», langileen esanetan. Adegik erantsi du «bake soziala» dela bidea.

Lan gatazkak eguneroko ogia bilakatu dira Euskal Herrian azken urtean bereziki, gehienak hitzarmenen negoziaketekin lotuta eta goraka egin duen inflazioak baldintzatuta. Sektore ia guztietan ageri dira liskarrak eta protagonismo handia lortu dute sindikatuek.

Datuak hortxe dira. Josu Erkoreka Segurtasun arloko Lakuako sailburuak iazko abenduan adierazi zuenez, lan arloari lotutako 6.000 mobilizazio burutu ziren 2022. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eguneko hogeitik gertu, batez beste. Beste bat, hau ere oso adierazgarria: Estatu espainol osoan urte berean burutu ziren greben %42 Euskal Herrian gertatu ziren.

Joera hori bera izan da aurtengoan ere, baina hauteskunde kanpainak haize berriak ekarri omen ditu, eta bereziki azken egun hauetan. Asteartean, 68 egunez luzatu zen Bizkaiko erresidentzien grebak akordioa erditu zuen, patronalak ELArekin eta UGTrekin adostua, eta zenbait langilek kalean algara handiz ospatu zutena. Zenbait kasutan soldata igoerak %23koak izango dira.

Egun bat geroago, Justizia arloan heldu da akordioa, oraingoan ELAk eta LABek Lakuako Gobernuarekin eskuratua. Ia hilabete batez luzatu da greba, eta eragin handia izan du, epaiketa ugari bertan behera utzarazi baitu. Langile gehienentzat %13koa izango da soldata igoera. Lortutakoa «aurretik pentsaezin»tzat jo dute langile batzuek, Radio Euskadiri egindako adierazpenetan.

Gipuzkoako Metalgintzari dagokionez, justu kanpaina hasteko bezperan heldu zen akordioa. ELA eta UGT, batetik, eta Adegi, bestetik, dira protagonistak kasu honetan. ELAk ziurtatu duenez, esparru honetako «hitzarmen onena» da honako hau, besteak beste 20 urtetan lehen aldiz lanaldia zertxobait murriztea ahalbidetuko duelako. Soldatari dagokionez, aurten %5 igoko da, hurrengoan KPI baino %0,7 gehiago, eta KPIren maila 2025ean eta 2026an.

Azken honi erreparatuz, Eduardo Junkera Adegi Gipuzkoako patronalaren presidenteak gehiago ere esan du: ez dela kasu bakana, ildo berria baizik. ELArekin eta UGTrekin hitzarmen berria sinatzeko ekitaldian «akordioaren kultura» eta «bake soziala» txalotu ditu. «Elkarrizketa» eta «elkarren arteko konfiantza» ere atera dira bere ahotan.

Hau entzunda, inork ez luke esango 2022an zehar Gipuzkoan 106 greba burutu zirela, aurreko urtean «galdutako» lan egunen kopurua %348 igoz eta %165 langile gehiago batuz.

Garai berria, benetan? Edo hauteskunde aurreko mirariak baino ez? Hautetsontzien bueltan jakingo dugu, laster batean, aniztasun funtzionala duten pertsonen enpresetatik hasita Osakidetzara heldu arte, Amazonetik Ertzaintzara, garbiketa arloan, erresidentzietan, esku hartze sozialaren alorrean... ate joka ari baitira.