Etekinen 29 milioi euro erreserbetara bideratuko ditu Eroskik
Eroskiren Ohiko Batzar Nagusia izan zen ostegunean Bilbon. Bildutakoek 2022ko kontuak onartu zituzten, eta adostu zuten kooperatibaren etekinetako 32,1 milioi euro honela banatzea: 2,8 milioi euro, MFEen interesak ordaintzeko (Mendeko Finantza Ekarpenak), kooperatibaren beraren funtsak direnak; eta gainerako 29,3 milioi euroko soberakin garbiak, erreserbetarako.
Eroskiko CEOak, Rosa Carabelek, positiboki baloratu zituen joan den urteko emaitza ekonomikoak. Gogorarazi zuen «salmentak ongi joan direla, ebitda hazi egin dela eta emaitza arrunta oso positiboa dela». Halaber, elikadura etikoago eta iraunkorrago baten aldeko apustua nabarmendu zuen, bai eta elikadura arloko gardentasunaren aldekotasuna ere, bi etiketatze sistema berri sarturik, erosketa arduratsuagoa egiten laguntzeko.