Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Lokatza? Ez, gorotza!

Eskerrak izan badirela kanpaina ofizialetik aparte kanpaina-aldian sartzen diren bestelako albisteak! Bai, asmatu dun/k! Iran/k! Ertzainen egunotako protesta moduko mobilizazioez nago, auto-karabanak egin eta Bilboko etorbide eta joan-bide handietan trafiko arazoak eragin dituzten horietaz. Kolpea gero! Ulertzekoa da zergatik hiri handi horri metro-poli esaten zaion! Total, gremioko mugimendu asindikalak deitutako protestak izan dira! Apolitikoa entzunda neukan, hori bai, baina asindikala? Amen! Eta, jakina, ertzainak greban ertzak zaindu barik geratu… Bai ote? Ez!

Gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Sailak! Bai horixe! Ertzain batzuek trafikoa oztopatu ez zezaten brigada mugikorreko beltzak bidaltzeko? Ez horixe! Etxeak utzarazten segitzeko zerbitzuak! Hori bai, modu profesionaleko oldarraldian, apoliziala eta abiolentoa betiere. Amen, berriro! Hortaz, gutxieneko zerbitzuokin ezin bermatuko, Tourreko euskal etapetako ordena! Eta? Imajinatzen nago etxegabetuak eta pentsiodunak bidegurutzeak zaintzen eta ospitaleetako garbitzaileak helmugako pankartak biltzen, ertzetik ertzain asindikalak akarreristen gurpiletan trabak jartzen dauden bitartean… Akabua!

Kanpaina joan egin da eta parapentean etorriak eroan ere bai. Ze parapente eta parapentekoste! Gorotza hemen geratzen da baina, transgenikoa betiere, hurrengo hauteskundeen kanpainaurrean gara eta! Ze nago ni, lokatza, lupetza eta basa berezkoak direla mendi-bideetan, baina kanpainaren orubean temati batzuek zapaltzen duten hori bestelakoa da, gorotz transgenikoa, kirastua, batzuen sudurren neurrikoa. Bada hori, bai, gaur gauez nor berean izango. Eta kalkulagailuak kalkuluetan jo eta ke pila alkalinoak hustu arte, gori-gori. Non-Norekin-Zenbat, beti izango da modua justifikazioa janzteko, matematikoan eta apolitikoan.