GARA
LEKUA

Mexikoko Poliziak 175 migrante aurkitu ditu kamioi batean, horien artean 30 adingabe

Polizia, migranteak Ciudad Juarezetik botatzen.
Polizia, migranteak Ciudad Juarezetik botatzen. (Herika MARTINEZ | AFP)

Migrazio Institutu Nazionaleko (INM) agenteek eta Guardia Nazionaleko (GN) soldaduek 175 pertsona migrante aurkitu zituzten joan den ostiralean kamioi baten trailerrean. Horien artean 30 adingabe zihoazen, bakarrik bidaiatzen.

Gidaria Mexiko erdialdeko Chiapa de Corzo herrian atxilotu zuten atzo. Hain zuzen, herri horrek tragedia bat bizi izan zuen 2021eko abenduan: 49 pertsona migrante hil ziren garraio-istripu batean.

INMk jakinarazi duenez, puntu horretan zeuden agenteek Guatemalako 154 pertsona, Ekuadorreko hamalau, El Salvadorreko hiru eta Pakistango bat antzeman dituzte.

Bakarrik bidaiatzen ari ziren adingabeez gain, haurrak zituzten bost familia zeuden kamioian.

EUROPAN, BESTE HAINBESTE

Europan, Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) “Geo Barents” ontziak 599 pertsona erreskatatu zituen atzo erdialdeko Mediterraneoan. Agintari italiarrek koordinatutako operazio batean Barin lehorreratzea baimendu zuten, Italiako Apulia eskualdean. Halaber, Sos Humanity GKEko ontziari ere atzo eman zioten Livornoko portuan lehorreratzeko baimena, ostiralean 88 migrante erreskatatu ondoren.

Bestalde, gutxienez 16 lagun larriki zauritu ziren atzo Bielorrusia eta Poloniaren arteko mugan, Britainia Handiaren laguntzarekin migranteak ez pasatzeko eraikitako 5,5 metroko altuerako alanbre-hesia zeharkatzen saiatzen ari zirenean.