Beñat ZALDUA
IRUÑEA
ERREAKZIOAK

Aurpegiek hitz egiten dutenean, hitzak sobera

Andoni Ortuzar EBBeko presidentea, atzo gauean, Sabin Etxean.
Andoni Ortuzar EBBeko presidentea, atzo gauean, Sabin Etxean. (Raul BOGAJO | FOKU)

EH Bilduk eta EAJk ordu bera hautatu zuten atzo gauean jendaurrean emaitzen balorazioa egiteko. Kazetariontzat arazoa izan zitekeena hauteskunde gauaren erradiografia zehatza bilakatu zen. Andoni Ortuzarren aldarte mingotsa eta Maddalen Iriarteren zoriona islatu zituen telebistak une berean.

EBBko burukideak txaloak eskatu behar izan zituen, Bizkaia, Araba, Bilbo eta Donostian garaipenari eutsi ziotela gogorarazi eta gero. Ez zen giro Sabin Etxean. Ezta Gipuzkoan ere. Girorik ez, baina hautetsontzien hitza iraultzeko gogoa, bai. Porrotari ez ikusiarena eginez, Joseba Egibar goibel batek Eider Mendozak Batzar Nagusietan hautagaitza aurkeztuko duela iragarri zuen. PPren botoak beharko lituzke garaipena Iriarteri osteko. Carlos Iturgaizek atzo bertan eskaini zizkion.

Ortuzarrek autokritika hitza izan zuen atzo ahoan. «Abisu bat bidali digute, jaso dugu», esan zuen parte hartzeari buruz. Gipuzkoa izan daiteke poligrafoa. Edo Gasteiz. Atzokoa politika txikia omen, eta orain «letra larriz idatzitako politikaren ordua» dator, jeltzalearen hitzetan.

«ETA BIHAR, LANERA»

Euforia hitza ez zaio handi geratzen atzo EH Bilduren egoitzetan bizitakoari, bereziki Donostian eta Gasteizen. Iruñea ez zen motz geratu. Iriartek ahaldun nagusiaren soinekoa jantzi eta negoziazioak bihar hasiko dituela esan zuen.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak errenkadan bota zituen ezker independentistak hurrengo legealdian gobernatu ditzakeen herrien izenak, eta «ziklo baten lehen urratsa» ikusi zuen emaitza harrigarrietan.

ANDUEZA POZIK, CHIVITE EZ HAINBESTE

«Gau zoriontsu bat» izan zen atzokoa, Eneko Anduezaren arabera. PSEko idazkari nagusiari entzunda, inork pentsa lezake sozialistek irabazi zituztela atzo hauteskundeak. Asko dirudi «lehen indar ezkertiar ez nazionalista» izatea, baina Podemosen gainetik geratu zarela baino ez du esan nahi. Oso pozik agertu zen Andueza, edonola ere; ulergarria, EAJrekin daukan harremanean indartuta ikusi baitzuen bere burua.

Bestelakoa izan zen Chiviteren aurpegia. Emaitzak mantendu arren, ez zuten esperotako gorakada izan ez Parlamentuan, ezta Iruñean ere. Herriz herri gobernu «aurrerakoiak» lehenetsiko dituztela esan zuen. Ea. Hiru aste luze datoz.