Asier ROBLES
BIZKAIA
BIZKAIA

EAJk botereari eutsi dio Bizkaian, baina EH Bildu indar handiz igo da

Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan EAJk aise irabazi du, baina 50.000 boto baino gehiago galduta. 25 batzarkide izatetik 23 izatera igaro da, eta bere nagusitasuna lausotuta geratu da. EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu herrialdean, inkestek ematen zioten igoera gaindituz. Horrela, Iker Casanova buru duen alderdi subiranistak 15.000 boto baino gehiago irabazi ditu eta 10 batzarkide izatetik 15 izatera igaro da.

PSEk bere 8 batzarkideei eutsi die, nahiz eta 13.210 boto galdu dituen. PP 2 batzarkide izatetik 3 izatera igaro da. Elkarrekin Podemosek 23.000 boto galdu ditu eta 6 batzarkidetik 4ra jaitsi da. Emaitza hauekin, Elixabete Etxanobe (EAJ) izango da ahaldun nagusia PSEren babesarekin.

Udal hauteskundeetan ere EAJ izan da garaile, baina ia udalerri garrantzitsu guztietan galdu ditu botoak eta zinegotziak.

Bilbo metropolitarrean eta Ezkerraldean EAJk nagusitasunari eustea lortu du, baina botoak galduta. Berriz ere lehen indarra izan da Getxon (2 zinegotzi gutxiago), Santurtzin (3 zinegotzi gutxiago), Erandion, Barakaldon, Leioan eta Basaurin. Horietan guztietan alkatetzari eutsiko dio PSErekin dituen itunak errepikatzen baditu, zeinak Portugaleten (gehiengo osoarekin) eta Muskizen irabazi duen.

Alonsotegin EH Bilduk gehiengo osoa lortu du 7 zinegotzirekin, eta EAJk, berriz, 4 zinegotzi eskuratu ditu, azken urteetako ustelkeria kasuek kaltetuta. Plentzian 2015ean lortu eta 2019an galdu zuen alkatetza berreskuratu du, gehiengo osoarekin.

EH Bilduk 2019an Arrigorriagan eta Galdakaon lortutako alkatetzei eutsiko die, eta gora egin du botoetan eta zinegotzi kopuruan. Galdakaon, zehazki, 6 zinegotzi izatetik 9 izatera igaro da. Larrabetzu eta Bakio ere gehiengo osoarekin mantenduko ditu.

Lea-Artibain indartsu agertu da koalizio abertzalea eta alkatetzarik garrantzitsuenak lortu ditu, Ondarroa mantenduz eta Lekeition eta Markinan EAJri aginte-makila kenduz.

Alabaina, denak ez dira albiste onak izan ezker subiranistarentzat, EAJ apur bategatik gailendu baitzaio Urduña, Igorre eta Lemoa bezalako plaza garrantzitsuetan, eta alkatetza galdu du.

Jeltzaleek Bizkaiko beste plaza garrantzitsu batzuk mantendu dituzte, Zornotza eta Mungia kasu.

Durangon Ima Garrastaxuren EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, 9 zinegotzi lortuta, 2019an baino bi gehiago; EAJk 8 zinegotziei eutsi die, eta PSEk, bere 2 zinegotziei. Herriaren Eskubidea 4 zinegotzitik 1era jaitsi da, eta PPk zinegotzi bakarra lortu du.

Gernika-Lumon, alkatetza datozen egunetako negoziazioetan erabakiko da. EH Bilduk lortu du indar bozkatuena izatea, 6 zinegotzirekin; atzetik kokatu da Jose Maria Gorroño alkate historikoa eta EAJk 5 zinegotzi lortu ditu.

Bermeon EAJk 2019an lortutako gehiengo osoa galdu du eta 8 zinegotzirekin geratu dira jeltzaleak. Hala eta guztiz ere, lehen indarra izan arren, alkatetza gal dezake, EH Bilduk (5) eta Guzan taldeak (4) bat egiten badute.