Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
GIPUZKOA

EH Bildu irabazle alde handiz, ahul geratu den EAJri gailenduta

Hauteskunde gaueko porrot handia EAJrena eta bere hautagai Eider Mendozarena izan zen.
Hauteskunde gaueko porrot handia EAJrena eta bere hautagai Eider Mendozarena izan zen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Alde handiz, EH Bildu izan da bart Gipuzkoako garailea. Foru Aldundiko atea parez pare irekita pasatu da Maddalen Iriarte Eider Mendozaren aurretik, eta hainbat udaletxe berritako giltzak eskura dituela, herrietako indar hegemoniko gisa finkatu da koalizio abertzalea. Aldundian EAJk baino 15.141 boto gehiago lortu ditu. Lehen indarra izan da herrietan ere, botoen %37,15ekin. EAJ izan zen, aldiz, gaueko galtzaile handia; batez ere, herrietan.

Hala, Aldundirako botoen banaketa horrela geratu da Gipuzkoako bi talde nagusien artean: 120.578 EH Bildurentzat eta 105.437 EAJrentzat. Alderdi jeltzaleak boto-saldoa galdu du, 25.362 guztira. Batzar Nagusietan aulki dantza esanguratsua ere ekarriko dute emaitzok: 22 batzarkidek ordezkatuko dute koalizio abertzalea, 5 gehiagok, eta 3 ordezkari galdu ditu EAJk, 17ra jaitsita.

Distantzia handira kokatu dira gainerako taldeak. Bi talde nagusien jite «abertzalea» kritikatuta desberdintzen saiatu da Jose Ignacio Asensio PSEko hautagaia kanpainan, eta estrategiak ez dio mesederik egin. 10.000 boto inguru galdu ditu eta Batzar Nagusietan 7 eserlekurekin geratu da, bi galduta. Batzarkide kopuru berbera eta antzeko boto kopurua galdu du Miren Echevestek zuzentzen duen Elkarrekin Podemosen zerrendak ere, beheraldia nabarmenduz: 2 jarlekurekin geratu da. Sorpresa PPk ekarri du, batzarkide bakarra izatetik 3ra igota.

Bihartik aurrera elkarrizketak hasiko dituzte taldeek. Aukerak irekita daude.

Abstentzioa izan zen eguneko beste protagonista bat. Hego Euskal Herrian erregistratu den parte-hartze txikiena izan da Gipuzkoan, %60tik beherakoa. Abstentzioak 6,65 puntu egin du gora 2019ko maiatzaren 26ko bozen aldean eta, itxuraz, eragina izan du emaitzetan, EH Bilduren alde.

LEHEN INDARRA HERRIETAN

Lehen indar munizipalista gisa bere burua indartu du EH Bilduk, ia herri guztietan emaitza hobeak lortuta. 419 zinegotzitik 462ra igo da eta, 2019an ez bezala, boto kopuruan ere gailendu zaie gainontzeko taldeei: 123.008 boto eskuratu ditu koalizioak (%37,15).

Atzetik kokatu da EAJ, 259 zinegotzirekin -2019an baino 29 gutxiago- eta jaitsiera izugarria izan du bototan: 27.367 boto galdu ditu; 94.603rekin geratu da. 98 zinegotzi lortu ditu PSEk; 17, Elkarrekin Podemosek eta 7, PPk, gaueko beste irabazleetako bat.

Azken hauteskundeetan boto gutxigatik gailendu zen EAJ Arrasaten eta Tolosan. Bada, oraingoan, EH Bildu izan da boto gehien jaso dituena bi herrietan. 10 zinegotzi eskuratu ditu Arrasaten eta 9 Tolosan, azken kasu honetan, jeltzaleek baino 1.100 boto gehiago lortuta.

Halaber, mantendu bakarrik ez, emaitzetan gorakada nabarmena izan du EH Bilduk orain lau urte berreskuratu zituen herrietan. Igoera handia izan du Orion, 6tik 10 zinegotzira igota. EAJk galdutako zinegotzi bat irabazi du koalizioak Bergaran, 10 udal ordezkari lortuta, eta 2019an baino alde handiagoz irabazi du, halaber, Oñatin, Oiartzunen, Zestoan eta Zumaian.

Plaza berriak ere hartu ditu EH Bilduk. Eskoriatzan EAJri alde handiz gailendu zaio, 4tik 7 zinegotzira pasatuta, eta irabazi egin du Legazpin ere.

GALTZAILE HANDIA

EAJ izan da galtzaile handia herrietan: zortzi udalerritan soilik lortu du aurreneko indarra izatea, eta kasu gehienetan zinegotzi bat gutxiago aterata: Azkoitian, Beasainen, Elgoibarren, Urretxun, Urnietan, Aian, Lazkaon eta Zarautzen, azken udalerri honetan mila boto galduta.

PSEk, bestalde, bereak dituen plazei eutsi die, Eibar, Irun, Lasarte-Oria eta Zumarraga mantendu ditu. Hala ere, zinegotzi bat galdu du herriotan, Irunen salbu -10 mantendu ditu, baina ia 2.000 boto galduta-.