Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Surf egiten ikasteko ezinbestekoak al dira surf eskolak?

Surf eskolak oso baliagarriak izan daitezke ikaskuntza prozesuan denbora anitz aurreztu eta gauzak behar bezala ikasteko. Aitzitik, ikasleak bere bidea bakar-bakarrik egin beharko du eta surf eskolak eman dizkion lanabesak baliatzen ikasi beharko du.

Uda sasoian surf eskolak lepo izaten dira; beraz, ez da une egokiena ikastaro bat egiteko.
Uda sasoian surf eskolak lepo izaten dira; beraz, ez da une egokiena ikastaro bat egiteko. (Haritz LARRAÑAGA)

Joan den astean surf egiten hasteko kontuan hartu beharreko zenbait gauza aipatu genituen eta udaberria surf egiten hasteko sasoi egokia zergatik den ere azaldu genuen. Surf egiten noiz, non eta nola hasi esplikatu genuen, baina amaieran galdera bat utzi genuen airean, «surf eskolak egokiak dira surf egiten ikasteko?». Gaurkoan galdera horri erantzungo diogu.

«Noiz, non eta nola» galderei erantzungo diegu berriz ere. Alegia, noiz da surf eskola batera joateko une egokia? Non komeni da ikastaroak egitea? Eta nola ikasi behar da? Galdera hauek erantzuteko bi multzotan banatuko ditugu ikasleak, helduak eta haurrak.

Gutxi gorabehera 15 edo 16 urtetan jar daiteke muga, orokorrean gorputzeko aldaketa gehienak adin horretan gertatzen baitira. Gorpuzkerak erabat baldintza dezake surf egiten ikasteko ahalmena. Txikia izateak, adibidez, laguntzen du, grabitate-zentroa taulatik gertuago baitago baina, joan den astean azaldu genuen bezala, hastapenetan zutik jartzea ez da garrantzitsuena.

Hau errepikatu behar da. Garrantzitsuena nork bere kabuz olatuak eta aparrak hartzen ikastea da; horrela, zutik jartzen geure kasa ikasteko gai izango baikara eta, batez ere, arazo bat badugu edozein unetan lehorreratzeko gai izango baikara.

NOIZ JOAN SURF ESKOLA BATERA?

Uda ez da une egokiena, surf eskolak lepo izaten baitira, eta itsasoan ere jende pilaketak izaten dira. Hoberena udaberria eta udazkena dira; surf eskoletan lan gutxiago izaten dute, irakasleak ere lasaiago egoten dira eta zerbitzu hobea jaso ahal da.

Baina noiz joan behar da surf eskola batera? Komeni da lehen egunetik eskola batean ikasten hastea edo hobe da nor bere kabuz ikasten hasi eta geroago surf eskola batean zuzenketak egitea?

Haurren kasuan bi gauza hartu behar dira kontuan: lehena adina da eta bigarrena, haurraren izaera, alegia, beldurtia den, igeri egiten dakien eta abar. Edonola ere, hastapenetan haurrak surfa jolas moduan ulertu behar du, zeren garrantzitsuena aparrak eta olatuak hartzen ikastea da. Horren ostean, haur batek ez du arazo handirik izango zutik jartzeko. Hortaz, hastapenetan haurrak ez du irakasle baten beharrik.

Itsasoan nahikoa jolastu ostean haurrak egiaz surf egin nahi duela erabakitzen badu, orduan, bai, une egokia izan daiteke surf eskola batera joateko, baina garrantzitsua da ere haur batek surf eskola batean ikasi beharreko gutxienekoak zeintzuk diren argi izatea. Hori aurrerago azalduko dugu.

Helduen kasuan, lehen egunetik joan daiteke surf eskola batera, baina egun bakar bat nahikoa da gutxieneko azalpenak jaso eta surf egiten hasteko. Hortik egun batzuetara, lehen egunean ikasitakoak nahikoa praktikatu ostean, beste ikastaro bat jaso daiteke, eta horrela behar adina ikastaro jaso ditzake hasiberriak, baina ikastaro eta ikastaro artean bakarrik aritu behar du; azken finean surfa bakarkako kirola da. Surfean aritzeko arauak ongi ikastea ere garrantzitsua da, bakarrik aritu ahal izateko.

Teknikoki hobetzeko bost eguneko ikastaro bat egitea ez da probetxuzkoa heldu batentzat, teknikoki ez baitu urrats esanguratsurik emango, lehen egunen ostean ikaspen prozesua asko moteltzen baita.

ZER ETA NOLA IKASI?

Surf-aren alde praktikoa eta teorikoa bereizi behar dira. Praktikoak denbora asko eskatzen du. Irakasleak gauzak egiteko modu egokia zein den azaldu eta akatsak zuzentzen lagun dezake, baina finean ikaslea da bere kabuz urratsak egin beharko dituena eta horretarako garrantzitsuena egiten duenaren kontzientzia hartzea da. Alegia, egiten dituen mugimenduak nola egiten dituen zuzen irudikatzea. Atal teorikoan, ordea, irakasleak asko lagun dezake, ikaslearen gaitasun praktikoa oso mugatua baita, eta, are gehiago, itsasoa bezalako ingurune ezegonkor batean. Irakaspen teorikoak lehorrean patxadaz ikas daitezke eta oso baliagarriak dira itsasoratzen garenerako.

Batez ere, itsaskien eta itsasaldien funtzionamendua ikasi behar da eta biak bereizi. Hau da, gauza bat da ilargiaren eraginez itsasaldiak biziagoak edo motelagoak izatea (koefizienteak) eta beste gauza bat da urrundik datozen itsaskien izaera. Laburbilduta, olatuen tamainak ez du ikustekorik itsasaldiak biziagoak edo motelagoak izatearekin.

Uhinak non eta nola sortzen diren eta uhin horiek kostaldera iristen direnean nola eta zergatik lehertzen diren ikastea ezinbestekoa da. Hondoen arabera hartzen dute forma olatuek eta hondoen arabera lehertzen dira apalago edo bortitzago. Sistema hori gutxienez teorikoki ulertzea oso garrantzitsua da, arrazoi beragatik sortzen baitira korronteak ere. Gainera, korronteen izaera ere hondoen araberakoa izango da. Gero, horiek identifikatzen ikastea beste gauza bat da; urteak behar dira, baina hasieratik alde teorikoa garbi izanez gero, denbora asko aurrez daiteke eta horretarako surf eskolak oso baliagarriak dira.

Irakasle kualifikatuak izatea ezinbestekoa da egoki ikasteko. Nola jakin surf eskola bateko irakasleek lana ongi egiten duten? Zaila da irizpide zehatzak ematea, baina ikasleari etengabe olatura bultzatzen dabilena, esaterako, ez da laguntzen ari; alderantziz, ikasleak bakarrik egin behar duen bidea oztopatzen ari da, zeren ikasleak olatu gehiago hartu eta zutik jartzen lehenago ikasiko du, baina bakarrik dagoen egunean ez da ezertarako gai izango.

Irakasleak ikasleari olatu batera bultzatzen badu, helburu zehatz batekin izan behar da eta ez sistematikoki. Adibidez, ikasleak egiten duen ohiko akats bat identifikatzeko bultza dezake, zutiketa errazago burutuko baitu eta ohiko akatsa azaleratu egingo baita. Ikasleak etengabe olatura bultzaka dabiltzanak «bultzatzaile» onak izan daitezke, baina ez irakasle onak.