Asier ETXENIKE
Soziologoa

Ziklo politiko berri bat ireki da?

Hauteskunde guztiek izaten dute garaile bat baino gehiago. Datuak nondik edo nola irakurri. Baina, oro har, irabazle argi bat izaten dute. Oraingoan, Hego Euskal Herri osoa kontuan hartuta, EH Bildu izan da, zalantzarik gabe, irabazle nagusia. 2020an EAEn gertatu bezala, abstentzio handiagorekin bere boto sabaia gainditu egin du. Horrek 2019an irabazi zituen udalak (Durango, Galdakao, Arrigorriaga…) mantentzera eraman du. Baina ez hori bakarrik, lehen indarra bihurtu da garrantzi handiko beste plaza askotan: Gipuzkoa, Gasteiz, Arrasate, Gernika, Tolosa… Eta gertu dago beste batzuetan, Iruñea, Donostia edo Araba bera kasu.

EAEn 2020an gertatu zena errepikatu da. EAJk boto galera handia izan du (90.000 inguru) eta EH Bilduk irabaziak (20.000), abstentzioak gora eginda ere (eta honek ere hausnarketa bat beharko luke, eragile politiko bakoitzak zer egiten duen eta zer ez herritarrak politikara hurbildu daitezen). Oraingoan, ordea, D’hont legeak eta hautetsi banaketak ez du EAJren joera negatibo hori ezkutatu. Emaitza hauek errealitate instituzionala aldaraz dezakete. Orain arteko EAJren hegemonia, erakunde nagusi guztiak soilik beraien eskuetan egotea, apurtu daiteke. Ikusiko da hemendik aurrera izango diren negoziaketek zer ematen duten. Baina atzotik aurrera, zalantzarik gabe aldatzen dena, zera da: Hauteskunde hauen emaitzekin irekitzen den ziklo politikoa. Herritarren pertzepzioan orain arte indarra zuten bi ideiak, «EAJ kudeaketaren maisua da» eta «EAJ garaiezina da», erori egin dira eta honek joko-zelai berri bat irekitzen du. Oso kontuan hartu beharrekoa hemendik aurrera. Hori esanda, ezin da ahaztu, hala ere, EAJk irabazi dituela hauteskundeak EAEn, eta, batzuetan ahaztu egiten bada ere, EAJk behin baino gehiagotan egin die aurre antzeko egoerei, Bildurekin berarekin 2011n edo Podemosekin 2015ean.

Gainontzeko indarren artean gorabeherak ez dira handiak izan. PSEk 20.000 boto galdu baditu ere, bere plaza nagusiak mantentzekotan dago. PPk 6.000 inguru irabazi ditu eta botere instituzionalik ez du irabaziko, baina hainbat gehiengo erabaki ditzake. Podemosek 25.000 baino gehiago galduta, bere beheranzko joera ez du eten.

Nafarroa Garaian joera nagusi hauek errepikatu dira. Navarra Sumaren zatiketak nola eragiten zuen zen galdera nagusia. Guztira 20.000 boto galduta, ez dute aldaketarik eragiteko gaitasunik eskuratu. Gobernua osatzeko, ordea, alderdi ezberdinen indar harremana aldatu da, EH Bildu Geroa Bairen aurretik geratuta. Iruñean ere lehia estua egon da UPN eta EH Bilduren artean, lehenengoaren alde amaituta, baina udal gobernua nork gidatuko duen irekita geratu da.

Guztia kontuan hartuta, emaitza hauen irakurketa orain dela 20 urteko klabeetan egiten duenak ez du etorkizun oparorik. Martxan zegoen ziklo politiko berria azalera atera da.