Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Publikotasunaren auziaz

Bistan da, hainbat hamarkadatan nagusitasun neoliberala eta merkatu askearen lilura izan ondoren, Estatu interbentzionista baten itzulerak markatzen duela politika garaikidea. Hori adierazten du Paolo Gerbaudo irakasle italiarrak bere “Controlar y proteger” izeneko liburuan (Verso, 2023). Hau da, trantsizio berderako industria-planak, gero eta handiagoa den gizarte-ondoeza arintzeko bide liberalak, pandemian ezarritako neurriak, protekzionismoaren gorakada eta ultraeskuinak etorkinei mugak ixteko eskatzea ere segurtasun-eskari larriari erantzuteko ahaleginak dira, nahiz eta hainbat modutan garatuak izan. Kontrolatzea eta babestea izaten ohi dira fase neoestatalista hori markatuko duten bi aginduak. Kontrolatzea, ardatzatetik kanpo gurpil zoroan abian dirudien mundu batean bizi garelako, herriaren eta haren ordezkarien arteko transmisio-uhala apurtu delako, hain zuzen ere; babestea, berriz, beldur izateko eta zaurgarri sentitzeko arrazoi asko daudelako aipatu mundu zaharberritu honetan.

Europan eta Estatu Batuetan egindako ekarpen politikoaren azterketa sakonean oinarritutako liburu honetan, Paolo Gerbaudok paradigma berri horren oinarriak eta bataila politikoaren eremua birdefinitzeko modua erakusten dizkigu. Azkenik, argudiatzen du ezkerreko denak soilik saihestu ahal izango duela etorkizun autoritario baterantz jotzea, baldin eta gizarte- eta ingurumen-babesa eta Estatuaren demokratizazio erreala konbinatzen dituen proiektu baten alde egiten badu.

Edozein modutan ere, liburuan dio ezkerreko Estatuak soilik saihestu ahal izango duela etorkizun faxista baterantz jotzea, baldin eta gizarteak Estatu berriaren proiektu baten alde egiten badu. Testuan, Gerbaudok politika garaikidean gero eta garrantzi handiagoa duten alderdiak azpimarratzen ditu, hala nola Estatuaren botere gero eta handiagoa, subiranotasunaren beharra edo industriaren tokian tokiko lokalizazioa. Ikuspegi aurrerakoitik egiten du, beraz, eta ezohiko ikuspegia hartzen du azken urteetan eskubide zibil eta sozialak lehenetsi dituen eta demokrazia zaharraren elementu tipikoak, autodeterminazioa barne, ahaztu dituen espektro politiko jakin batean, ezkerrean, alegia.

Datozen urteetan, bada, estatalizazio berrien aurrean, estaturik gabeko naziokook publikotasunaren aldarrien aurrean zer-nolako Estatua nahi dugun argi eta garbi eduki behar dugu eta, bistan da, ez du ematen hori garatzeko ez Espainiak, ezta Frantziak ere, horretarako aukera emango digutenik.

Hauteskunde garaia bukatu da. Gizartearen beharrei erantzuten hasi beharra dago baina, publikotasuna bideratzearekin batera, subiranotasunaren premia ere borrokagai bezain egingarri bihurtzeko sasoiak badatoz, edo bestela gureak egin du.