GARA
GASTEIZ

Barbadori eta Zelaiari elkartasuna adieraziko diete igandean

Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren helegitearen inguruan Auzitegi Goren espainolak hartutako azken erabakia anakronikoa eta krudela dela salatu du ANkerkeria Stop-ek. Egoera salatu eta elkartasuna adierazteko, igandean Amurrioko agerraldira joatera deitu dute.

ANkerkeria Stopen mobilizazioa, 2021ean.
ANkerkeria Stopen mobilizazioa, 2021ean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

ANkerkeria Stop dinamikak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen kasuan Auzitegi Goren espainolak hartutako erabakiaren eta prozesuaren beraren «anakronismoa» eta «krudelkeria» salatu du. Horrekin batera, igande honetan, Amurrioko Zabaleko ikastetxean eguerdian egingo den «agerraldi masibora» dei egin die herritarrei, gazteei elkartasuna adierazteko.

Joan den astean Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalak ezarritako kondena berretsi zuen; horrela, Zelaiari eta Barbadori lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri diete, behin betiko kondenan. Dinamikako kideek azaldu dute hurrengo egun edo asteetan «espetxeratzeko errekerimendua» abiatuko duela Auzitegi Nazionalak eta errekerimendu horrekin bat-bateko atxiloketa etor daitekeela.

«Minetik, amorrutik, baina era berean maitasunetik eta elkartasunetik» so egiten diote egoerari. Mina eta amorrua aipatzean, 2023an «horrelako eraso bati» aurre egin beharra ulergaitza egiten zaiela esan dute: «Euskal Herria aurrera doa, eskubide zibil eta politikoak urratu eta horrelako injustiziei aurre egiten kateatuta nahi gaituzten arren. Euskal jendartearen gehiengoak aldarrikatzen duen bezala, kartzelak husteko eta Euskal Herria eraikitzeko garaia da; ez, kartzelak betetzekoa».

Zigortuenganako maitasuna eta elkartasuna sentitzen dutela adierazi dute, maite dituzten lagun, kide eta militante politikoak direlako -«ez ditugu bakarrik utziko»- eta gazteok herriarekiko daukaten konpromisoa mirestekoa dela. «Beraiek milaka aldiz egin bezala, elkartasun uholde bat itzuli nahi diegu», gehitu dute.

#AITORETAGALDERASKE

Hortaz, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal, eta sozialak zein norbanakoak deitu dituzte egingo diren deialdiak babestera eta tokian toki egingo diren elkartasun ekintzetara. Ekainaren 4an, Amurrioko Zabale ikastetxean, Zelaia eta Barbadoren egoera salatu eta elkartasuna adierazteko agerraldia egingo dute.

Horrez gain, hurrengo egun eta asteetan #AitorEtaGalderAske eta #EuskalHerriakAurrera aldarriak lau haizeetara zabaltzeko mobilizazioak eta elkartasun keinuak egiteko deia zabaldu dute.