MARCEL PENA
BILBO

Emakume panderojoleei omenaldia, Junkeraren «Erromeriak» diskoan

Euskal Herria, Kantabria, Asturias, Galizia, Leon, Valladolid eta Portugalgo 40 emakume panderojole baino gehiago bildu ditu Kepa Junkerak «Erromeriak» proiektuan. Panderoa ez ezik, ama, aitita eta «bere ondarea transmititu zioten emakume panderojole guztiak» omendu nahi izan ditu Junkerak. 2018an iktusa izan zuenetik, musikari bilbotarraren etapa berriko lehenengo diskoa da.

Kepa Junkerak «Erromeriak» diskoa aurkeztu du astearte honetan Bilbon.
Kepa Junkerak «Erromeriak» diskoa aurkeztu du astearte honetan Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Panderoari eskainitako omenaldi berezia den ‘‘Erromeriak’’ disko berria aurkeztu zuen atzo Kepa Junkerak. Euskal Herria, Kantabria, Asturias, Galizia, Leon, Valladolid eta Portugalgo berrogei emakume panderojole baino gehiago bildu ditu proiektu honetan. Musikariaren etapa berriko aurreneko disko honetan, 2018an iktusa izan baino lehen lantzen ari zen zortzi abesti berri aurkitu ditzakegu.

«‘‘Berpiztu’’ proiektua bukatu aurretik Kepa disko berri batean pentsatzen hasi zen», azaldu zuen Olatz Goikouriak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Zortzi kanta horiei dagokienez, Mikel F. Krutzagak zehaztu zuen nola grabatu den ‘‘Erromeriak’’ diskoa: «Pista guztiak Kepak grabatu ditu. Berarenak dira trikiti eta perkusio konposizio guztiak. Panderojole bakoitzak bere zatia grabatu zuen eta amaieran muntatu eta nahasketa egin nuen nik, Keparen zuzendaritzapean». Hau izan da azken 25 urteetan jarraitu duten «prozesu berbera» eta, zehaztu duenez, «Kepa egon da denbora guztian prozesu honen gainean». Beraz, Krutzagaren ustez, ‘‘Erromeriak’’ lanean topatu daitekeena da Junkeraren aurreko edozein diskotan entzuten duguna: «Trikitixaren indarra, panderetak, trantsizioak, moldaketak... Gustukoa izango da».

Beste zazpi kantak beretzat bereziak diren grabazioak dira, proiektu honetarako moldatu direnak, hala nola ‘‘Aurresku’’ kanta, Bilboko Plaza Barrian grabatua, ‘‘FOK’’ diskoaren aurkezpenean, Basque Fest Festibalean, edo ‘‘Sardinnia’’, Nugoresas taldearekin eta Carlo Boedduk zuzenean grabatua Nuoro herrian.

Horrez gain, Junkerak Koldo Gezuraga Seijido bertsolaria izan du ‘‘Serrana mia’’, ‘‘Jotas de Kantabria’’ eta ‘‘Agua de Limon’’ kanten letretan, baita Yeray Rodriguez eta Miguel Cadavieco inprobisatzaileak ere, ‘‘Gastronomik’’ eta ‘‘Limonada’’ abestietan, hurrenez hurren.

Lan hau Junkeraren amari, aititari eta «bere ondarea transmititu zioten emakume panderojole guztiei» eskainitako omenaldi bezala pentsatuta dago. Horregatik, berritasuna da ‘‘Erromeriak’’ bi abizenekin sinatu duela: Kepa Junkera Urraza.

PANDEROJOLEAK, ESKERTUTA

Bideokonferentzia bidez, diskoan parte hartu duten panderojole batzuek hitz egin zuten aurkezpen ekitaldian. Denak eskertuta agertu ziren Junkerarekin lan egin ahal izateagatik. Musikariaren ibilbide luzea ere goretsi zuten. «Kepak magia egin du, musika tradizionala bizirik mantentzeko aukera eman digu», azaldu zuten Leondik Beatriz Gutierrez eta Sara Gomez Gritsanda taldeko kideek.

Emakumeei eta panderoari egindako omenaldia ere eskertu zuten panderojoleek. Horrela nabarmendu zuen Sonia Navas A Coruñako Kadrou taldeko kideak: «Hunkigarria da Kepak egin duena, emakume panderojoleei ahotsa ematea».