NAGORE BELASTEGI
DONOSTIA

Kontzientziaren ernaltzea, «Haragizko erreformak» liburuan

Mari Luz Estebanek duela hamalau urte plazaratu zuen lehenbiziko poema liburua, eta orain hirugarrena aurkeztu du Pamiela etxearen eskutik. Basauriri, bere herriari, aitortza egin nahi izan dio. Bizitzako lezio ikasiek presentzia handia dute poemetan.

Mari Luz Esteban, poema bilduma berriaren aurkezpenean, Donostian.
Mari Luz Esteban, poema bilduma berriaren aurkezpenean, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Mari Luz Estebanek hirugarren poema liburua plazaratu du, “Haragizko erreformak” (Pamiela), genealogia geografikoetan, kulturaletan, sozialetan eta linguistikoetan murgiltzen dena. Izan ere, aurreko poema bildumetan harreman sareak jorratzen zituen, eta oraingoan ere hala egin du, baina ikuspuntu kolektibo batetik.

Jose Angel Irigarai editoreak azaldu bezala, aurreko bi poema liburuek, “Amaren heriotzak libreago egin ninduen”(2013) eta “Andrezaharraren manifestua” (2019), biak Pamielarekin argitaratuak, arrakasta handia izan zuten eta erreferentziazkoak bilakatu ziren euskal literaturan. Pozik agertu zen hirugarrena ere argitaletxe berarekin atera duelako eta honek ere, bere ustez, erreferentziazko liburu bilakatzeko «aukera guztiak» dituelako.

Iratxe Retolaza izan da edizioaren arduraduna, eta hark azaldu zuen liburuaren lehen atala «oroitzapenen txatal poetikoz» osatzen dela, haurtzaroko geografiak aztertuz, «klase kontzientziaren eta hizkuntza kontzientziaren ernamuinak aletuz». Horiek guztiek bat egiten dute “Teoria maketoa” izeneko atalean, non kontzientziaren ernaltzea islatzen den. Aurreko ataletan aipatu diren feminismoa, herria, hizkuntza eta klase kontzientzia elkarrizketan sartzen dira, eta «subjektu maketoan» gorpuzten ditu Estebanek.

BASAURI, PROTAGONISTA

Egileak aitortu zuen zaila egiten zaiola poema liburu bat aurkeztea, «arriskua dagoelako irakurketa bideratzeko».

Hasi zen azaltzen liburua erdi idatzita zuela aspalditik, eta bigarren kolpean amaitu duela. Bertan presentzia handia du Basaurik, bere herriak, idazlearen izaeran eragin nabarmena izan baitu. «Esaten dute herri itsusia dela. Baina zer da itsusia? Saiatu naiz azaltzen niretzat zer den itsusia izatea», adierazi zuen.

Estebanentzat, itsusia edo ederra izateak ez du zerikusirik dauden eraikinekin, bertan bizi izan zuenarekin baizik. «Ez zait gustatzen nongoa naizen ahaztea», esan zuen. Hala, aipatu zuen txikitan ez zuela klase kontzientziarik, euskalduna zela bazekien, eta kito.

Retolazak aipaturiko «teoria maketoak» balio izan dio posizioa hartzeko eta iritzia emateko, eta horri esker ari da jardun politikoaz, feminismoaz eta euskaraz.

«Nire euskaldun bidea San Pedro elizako gela ‘itsusi’ batean sortu zen, eta orduan dena aldatu zen», azpimarratu zuen.

Eta gehitu zuen Basaurin bertan bizi izan zituela greba eta manifestazio ugari. Herriari aitortza egiten dio poema batean.