Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Mezuak

Emaitzari meriturik kendu gabe, prozesua bera izan zen gutariko askorentzat emankor eta aberatsena. Asko hitz egin, hausnartu eta eztabaidatu genuen, abiapuntu eta ikuspuntu desberdinak genituelako eta begirada guztiak norabide berdinean fokuratu eta elkartu behar genituelako. Bide luzearen ondotik, 2016an argitara eman zen komunikazio ez sexista bermatzeko kodea, Begira batzordeak sustatu eta Euskal Herriko hedabide anitzen parte hartzetik sortu eta onarpena izan zuena. Emakumeen kontrako indarkeria lantzeko neurriak zehaztea kostatu zitzaigun gehien orduan ere, informazioa emateko betebeharrak eta biktimen babesak talka egiten zutelako kasu askotan. Indarkeria matxista jasan duten emakumeekin lan egiten duten profesionalek eta komunikazioan eta zuzenbidean adituak diren pertsonek ere parte hartu zuten eztabaidetan, gutxieneko baldintzak eta gainditu ezin ziren marrak zehazte aldera.

Azken egunetan asko akordatu naiz hura osatzeko izan genituen eztabaidez eta egin genuen lanaz, eta ez onerako. Bi asteko epean, bi emakumeren heriotza eragin du indarkeria matxistak Euskal Herrian, eta kasu biei komunikabide batzuetan eta sareetan eman zaien tratamenduak erakutsi du badugula zer ikasia, baita informazio kontsumitzaile modura ere, egin behar ez ziren asko egin direlako. Egun, informazioa handik eta hemendik edateko aukera du herritarrak eta horregatik, okerrak edota, bederen, oso zuzenak ez diren kontakizunak alboratzea edo arbuiatzea dagokigu; bestela, hauspotu baino ez ditugulako egiten kontakizun horiek. Kontuan izan behar dira, ez soilik eskaintzen diren datuak, baita moduak, hitzak, tonuak… utzitako arrastoa, azken batean. Baina horrezaz gain, informatze prozesuaren ekuazioan sartu gara erabiltzaileak eta haren zabalpenean eragile aktiboa bilakatu gaitezke. Horregatik, erantzukizuna ere badugu, hainbat datu eta zehaztapen nola, zergatik eta zertarako zabaltzen den hausnartzeko eta horren arabera jarduteko. Bilaka gaitezkeelako indarkeria matxistari aurre egiteko lanean bidelagun, edo ez.