Iraitz MATEO

ERRIGORA: 20 JANTOKI ETA 7 EKOIZLE

Euskal Herri osoko 20 jantokitan izango dute Nafarroako produktuak jateko aukera. «Euskal Herria saretzeko beste modu bat da»

2023ko irailean abiatuko dute jantokietako proiektua, inoiz baino jantoki gehiagorekin.
2023ko irailean abiatuko dute jantokietako proiektua, inoiz baino jantoki gehiagorekin. (Jon URBE | FOKU)

Elikadura-burujabetza, euskara eta auzolana lotu eta sustatzea da Errigoraren helburu nagusia, eta irailetik aurrera beste jauzi bat emango du: zazpi ekoizle eta 20 jantoki jarriko ditu elkarlanean; ikastola, eskola eta lantegietako jantoki eta sukaldeak, esaterako, bertako arrozez, olioz, piperrez eta tomatez hornitzeko proiektuan aurrerapausoak emango ditu. Peru Aranburu Errigorako kidearen esanetan, Errigorako kanpainaz kanpoko ildo honi ekin zioten jantokien partetik eskaria zegoelako eta ekoizleen partetik ere interes bat bazelako: «Uste dugu badela bide bat elikadura burujabetza, euskara eta auzolana bultzatzeko». Aurten Euskal Herri osoko jantokiek hartuko dute parte, eta taldean egin ahalko dituzte eskariak, «elkarren arteko saretzea bultzatuz». Julio Navarro San Adriango Conservas Ebroneko kidea da; tomatea egiten dute. «Guretzat oso jauzi garrantzitsua da. Bolumen industriala duten produktuak dira, eta prezio justua jarri ahal diegu. Nekazariek prezioa igo dezakete; ekoizleak ere irabazien zati handiagorekin gera gaitezke. Errigoraren bidez kontsumitzaileak, nekazariak eta gu, denak, ateratzen gara irabazle».