MIKEL IRASTORZA ARTOLA
Elkarrizketa
Lucien Etxezaharreta
«Maiatz» aldizkariaren eta argitaletxearen koordinatzailea

«Euskarak, bere habia baino gehiago, bere tokia hartzea garrantzitsua da»

Ekainaren 3an Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren laugarren edizioan Lucien Etxezaharreta omenduko dute, azken lau hamarkadetan «Maiatz» aldizkariarekin eta argitaletxearekin euskal literaturari egin ekarpenarengatik. Ziburuko azokak mugaren bi aldeetako euskarazko ekoizpenak bilduko ditu asteburuan.

(Guillaume FAUVEAU | FOKU)

Nola hartu duzu larunbatean Ziburun omendua izateko proposamena?

Bistan da, pozik estimatua izateaz, lankide baitira horrelako azoka baten antolatzaileak. Ez dut gehiegi maite nire burua aurrean ematea, baina pentsatzen dut nirekin batera Iparraldean euskara idatziaren biziarazteko egin diren indarrak direla omenduak.

Lan kolektibo baten aitortzaz ari zara.

Motibazio pertsonalak ez dira norbere baitatik sortzen, ingurumen batean den bizi borrokalariak du ere bultzatzen. Ni horren adierazle bat naiz, eta uste dut ere argitalpen eta liburuaren borroka euskararen bizirako gauza garrantzitsua dela eta beste hainbat elkarteren ondoan bere tokia baduela. Euskara idatzia, irakurria, irratirakoa, komunikabideetarakoa, irakaskuntzarakoa... elkarrekin eramaten dugun karroa da. Hori sentitu dut irratigintzan hainbat urtez ari izan naizelarik, euskara guztion ondasuna dela eta elkarrekin eramaten dugun bizi nahi bat dela.

«Maiatz» aldizkariaren koordinatzailea zara bere sorreratik. Lau hamarkada baino gehiagotan egindako ekarpenaz zer erranen zenuke?

Geroak erranen du, baina laburbilduz, idazle berri batzuen sorkuntza lagundu dugu; artean ezagunena izan da Itxaro Borda, eta beste dozena bat ere izan dira lehen urratsak egin dituztenak. Harrotasun bat izaten ahal bada, eta nik nire ahalekin ere halako garai batean lehen urrats batzuk egiten lagundu izana da. Uste dut Maiatz elkartearen nahia beti hori izan dela.

Horregatik hartu genuen aldizkari baten sorrera, jende ezberdinen biltzea, baitakigu Euskal Herrian jendeen biltzea ez dela erraza, eta aldizkari batekin errazagoa izan da hori bultzatzea.

Liburugintza etorri zen gero; hasieran ez genuen amestua, baina naturalki etorri den gauza bat da.

Egun ez dira baldintza berdinak, badirelako laguntza publiko batzuk. Kulturak bere baitan eta libertate osoarekin bizi den zerbait izan behar du. Hasieratik independentzia hori lortu nahi izan dugu eta aplikatu dugula uste dut.

Egun nola ikusten duzu belaunaldi berria euskal kulturari eta literaturari hauspoa ematen segitzeko?

Denek geroa baikor ikusi nahi dugu. Uste dut gazte mugimendu hori beti berritzen dela eta Euskal Herriari beti bizi berri bat ematen diola.

Maiatz bezala segitzen ahal dugu orain arte bezala, argitalpengintzan eta aldizkari batekin, laguntzak emanez idazle berriak sortu nahian. Baina bakoitzak bere garaiari egokitzen dizkio bere ekintzak.

Garai hartako testuinguru sozial eta politikoa eta gaurkoa arrunt ezberdinak dira. Literaturak bizi dugunari buruzko ikuspuntua ematen du. Zertaz idazten du idazleak egun?

Orain ikusten da ingurumenari ematen zaion lehentasuna. Guk ez genuen sentitzen hori duela berrogei urte. Badira baldintza berriak munduan, pobre eta aberatsen arteko borroka, ipar-hegoaren arazoa, immigrazioaren arazo larria, gerrak, kutsadura... Apustu berriak dira euskalgintza eta literaturarendako. Literaturak mundua kontatzen du, eta esperantza dut Euskal Herrian dugun eta elkarrekin landu behar dugun bizi nahiarekin.

Erran izan den bezala, Ziburuko azoka bezalako euskara hutsezko kultur ekimenak oasi bat dira gure hizkuntzarentzat?

Oasi bat dela errateak beldur ematen du, erran nahiko luke ingurua basamortu bat dela. Kontuz, apaltasuna behar da. Premiazkoak dira euskarari lehentasuna emanen dioten lekuak. Oso inportantea da. Baina ez da ahantzi behar nolakoa den gure ingurumena. Etsaitzat hartzen baldin badugu, arriskutsua da ere. Elkarlan hori ikusten da batez ere literaturarekin. Badugu beharra sorkuntza mundu horrekin harremana izateko. Euskarak, bere habia baino gehiago, bere tokia hartzea garrantzitsua da. Oasi handi bat behar dugu.

Zure ibilbidean, buruan izan duzun proiekturen bat gauzatu ez izanaren arantzarik ba ote duzu?

Nik beti amestu dut Europako beste hizkuntza gutxituekin lan egitearekin. Egiten dugu noizbehinka. Pentsatu behar da geroko munduari buruz, jende gutxituek bat egitea edo bederen elkar ezagutzea. Europan zenbait milioik ofizialak ez diren hizkuntzak erabiltzen dituzte. Hor bada borroka bat eramateko, eta inportantea litzateke euskaldunek bisitatzea bizi nahia duten beste herrialdeak. Mundua aldatzea denek amesten dugu eta ahaztu behar ez dugun bide bat da.