IÑIGO BILBAO
MEXIKO HIRIA

Luiz Irizar sukaldariari Mexikon omenaldia egin diote

Sukaldaritzan maisuen maisu izan zen Luiz Irizar (Habana, 1930) omendu dute haren 93. urtebetetze egunean. Mexiko Hiriko Euskal Etxean gorazarre egin diote 2021ean hildako maisuari, ohorezko aurreskuaz ez ezik, mariatxiek abestutako «Las Mañanitas» doinuaz.

Irizarri eskainitako omenaldia, Mexiko Hirian.
Irizarri eskainitako omenaldia, Mexiko Hirian. (GARA)

Luiz Irizar gogoan izan dute Mexiko Hirian, 93 urte beteko zituen egunean. Sukaldaritzan maisuen maisutzat hartua, orain bi urte zendu zen Irizar eta, hura gogoan, Mexikoko hiriburuko Euskal Etxean bildu ziren itsasoaren alde bietatik etorritako sukaldariak, Pablo San Roman Ekilore jatetxeko ugazabak deituta.

Omenaldira Euskal Herritik espresuki etorri da Jose Lizarreta, Luis Irizar Eskolako irakaslea. Hark hartu zuen zendutako maisuaren lekukoa Mexikon, Euskal Etxean elkartutako 250 sukaldaritza ikasleen aurrean. Goiz osoa eman zuen Lizarretak sukaldari gazteekin, Euskal Sukaldaritza Berriaren izaera eta pentsamoldeak Mexikoko sukaldeetara zelan egokitu asmatzen.

Ez zen bakarrik egon. Berekin izan zituen saio pedagogiko horretan San Roman bera, Mikel Alonso eta Iñaki Andradas, alde batean, eta Edgar Delgado, Jorge Corcega, Luis Enrique Mercado eta Paulina Moral, bestean. Lehenengo laukoteak, Irizarrekin ikasi ondoren, sorterria utzi zuen, eta Mexikon dabil orain lanean. Mexikarrak dira beste laurak, hauek ere Irizarrekin ikasitakoak, eta euskal sukaldaritzaren dekalogoa etxera egokitzen ari direnak egun.

MEXIKOREKIKO LOTURA

San Romanek azaldu zuen bezala, erabatekoa izan zen Luiz Irizarrek Mexikorekin izan zuen lotura. Urtero eskolan izan zituen lauzpabost ikasle Mexikotik joanak, eta han ziren euskal sukaldariek Sukalde elkartea sortutakoan bera hartu zuten ohorezko lehendakari. «Maisuak erakutsi zigun lehian ibili ordez hobe genuela sukaldariok elkarlanean jardutea eta, nork bere bidea bakar-bakarrik egin beharrean, aberatsagoa zela guztiontzat munduari euskal sukaldaritzaren berri elkarrekin ematea», gogoratu zuen San Romanek. Horregatik guztiagatik, ez zen harritzekoa izan omenaldian leku berezia izatea Abigail Mendoza sukaldari oaxakarrak. Emakumeak Donostian ezagutu zuen Irizar, eta lagun handiak izan ziren.

Ekitaldiaren antolatzaileek aurreratu bezala, urtero-urtero, maiatzaren 30ean, Irizarren urtebetetze egunean alegia, omenaldia egingo diote Mexiko Hirian maisuen maisu izan zen sukaldariari.