Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren ziurgabetasunak

Musikari-saldoa ezagutu dut. Kantariek dute, segur eta batez ere, ziurgabetasun gutxien, kantuari hamaika itzuli, egokitzapen, moldaketa, aldaketa, zuzenketa eta ekarpen egin ondoren, egindako abestiaren kalitateaz, biribiltasunaz, balioaz, erakargarritasunaz. Kantua obsesio bilakatu ohi du. Gainerako taldekideek baino gehiago, kantariek egiten dute abestia beren. Are, beretzen dute kantua, sutsuago bizi dute, nahiz eta ez izan lelo eta abestiaren sortzaile. Kantariak besteak baino sinesmen handiagoarekin agertuko dira elkarrizketetan, kontzertuetan, dena delakoetan. Baina, kantari eta musikariak maiz dira harroputzak, jainkotuta dute euren burua, handipuztuta.

Ezagutu dut kantari zalantzati mordoa ere, dena kolokan jartzen dutenak, ziurgabetasun printzipioa beren eginda. Kantariak edo sortzaileak ez badu sinesmen osoa egindako singlean, nork defendituko du abestia estimu handiagoarekin? Kazetari edo irrati-esatariak losintxak botako ditu edo larrutu goitik behera. Entzuleen portaera bortitzagoa da, ez dute zertan itxurak gorde. Bikaina edo “putamierdakoa”. Gutxitan dago tarteko mailarako tokirik.

Ezagutzen ditut musikariak behin eta berriz aldaketak egiten dituztenak. Erabaki ostean ere, enegarren aldaketa proposatuko dutenak. Bukatu ondoren, oraindik ere irteera puntuan daudenak. Ziurgabetasun printzipioa aldare psikotikoaren pulpitura eraman dutenak. Denetarik dago, segurean diot.