GARA
BERANGO
Elkarrizketa

Patxi Markesi 25 urteko kartzelaldia amaitu zaio

1998. urtean Ina Zeberio hil zuten sarekadatik abiatutako espetxe zigorra amaitu da Patxi Markes Zelaia berangoztarrarentzat. Besteak, beste, Almeria, Albocasser eta Alacanteko kartzelak jasan ditu.

Zaballan eman ditu kartzelaldiaren azken hilabeteak Markesek.
Zaballan eman ditu kartzelaldiaren azken hilabeteak Markesek. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Etxeratek atzo aditzera eman zuenez, bukatu da Patxi Markes Zelaia berangoztarrari ezarritako kartzela zigorra, 25 urtez luzatu dena. Hain zuzen ere, 1998an Ertzaintzak ETAko Bizkaia komandoaren kontrako operazioa Gernikan egin zuenetik. Ina Zeberio hil zuten han, tirokatuta.

Joan den astelehenean kondena amaitu zuen Iñaki Bilbao Gaubekak, sarekada hartan harrapatutakoa hau ere. Eta igandean ekitaldira deitu du Egiari Zor Fundazioak Lizartzan, Zeberioren hilketaren egia jakiteko garaia dela aldarrikatzeko asmoz. Izan ere, astelehenean, ekainaren 5ean, 25 urte beteko dira Gernikako operazioa gertatu zenetik. Eta mende laurdena da ere, beraz, Markesek espetxean pasatu duena.

Azken hilabeteak egoera arinagoan eman baditu ere (iazko urritik hirugarren graduan zegoen), aurreko urte guztietan baldintza oso gogorrak ezarri zaizkio Patxi Markesi, gainerako EPPKko kideen antzera. Datu batzuk emate aldera, 2006. urtean Coruñako Curtisetik atera eta Almeriara eraman zuten. Gero Castello-ko Albocasserren eman behar izan ditu urte ugari, isolamendu egoeran.

2021. urtera arte ez zuten Euskal Herrira ekarri. Harrezkero Zaballan preso eduki dute Markes, eta orain jada guztiz bete du Auzitegi Nazionalak ezarritako kondena.

2017an osatu zituen zigorraren hiru laurdenak. 2022ko urrian hirugarren gradua eman zioten eta, ondoren, etxean preso izan da eskumuturreko telematikoarekin.

JOSEBA BORDE KARTZELARA BERRIRO

Atzo Sarek baieztatu zuenez, Joseba Borde Gaztelumendi, 21 urte preso daramana, kartzelan dago berriro, aste batzuk hirugarren graduan igaro ondoren. Espainiar Auzitegi Nazionalak agindu du kartzelara itzultzea, Fiskaltzak helegitea aurkeztu ondoren.

ANk ez du oraindik helegiteari buruzko erabakirik hartu, baina, lege aldaketa betengatik, Bordek espetxean itxaron beharko du epaia.

Borde Ugaokoa da, 61 urtekoa, eta 2002tik darama espetxean. Gobernu espainolaren mendeko Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak onartu zuenez, zigorraren hiru laurdenak beteta ditu 2019ko azarotik. Ondorioz, ez luke hirugarren graduan egon behar, baldintzapeko askatasunean baizik, beste dozenaka presok bezala.

Gainera, Borde gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoen zerrenda publikoan dago.

Kasu honekin, Lakuako Gobernuak eskumena bere gain hartu zuenetik, 42 presori onartu zaie hirugarren gradurako progresioa, baina 42 horietatik 29ren kasuan erabakiaren kontrako errekurtsoa jarri du fiskaltzak eta hamahiru espetxean sartu ditu espainiar Auzitegi Nazionalak, bigarren graduko erregimenean.

Neurri hori salatuko dute Ugaon egingo den manifestazioan datorren ostiralean, ekainaren 9an, 20.00etan, Sarek deituta. «Legeak ez du inola ere esaten zigorrak espetxe barruan bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz. Gure haserrea adierazi nahi dugu, berriro ere, oztopoak baino ez dituztelako jartzen, presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu behar», dio Sarek.