Iraitz MATEO
EUSKAL PRESOEN ALDEKO LASTERKETA HERRIKOIA

LASTERBIDEAN, HELMUGATIK GERO ETA HURBILAGO

Lasterbidean euskal preso politikoen aldeko bederatzigarren lasterketa egin zen atzo Amasa-Villabonan. Orain arte urratutako bidea txalotu zuten. Dispertsioaren amaierak sortzen duen poza ospatu eta preso guztiak etxean izan arte lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi ziren. Giro paregabea lagun izan zuten egun osoan.

Lasterbidean lasterketa abiatzear, Amasa-Villabonan.
Lasterbidean lasterketa abiatzear, Amasa-Villabonan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Goizean goizetik kolore gorria eta elkartasun usaina nabari ziren Amasa-Villabonan atzo, euskal preso politikoen aldeko Lasterbidean lasterketa izan baitzen. Lasterketan zehar helmugara iristeko zenbat kilometro geratzen ziren kartelak nola, hala begiratu diezaiokegu orain arteko ibilbide politikoari. Izan ere, dispertsioaren amaierak irekitako fase berriaren lehenengo Lasterbidean ekimena ospatu zen; «settun etxea» zioen ekimenaren leloak, eta gero eta hurbilago dago helmuga.

Giro paregabea izan zen, eta, eguraldi ona lagun, adin guztietako korrikalariak prest zeuden goizean goizetik. Lasterketa luzea 11.00etan abiatu zen, eta 12.15ean txikiena. Beroak batzuei kalte egin bazien ere, ibilbide polita zela zioten korrikalariek, bederatzigarren edizio honetako lasterketak nahasita baitzituen herria eta mendia. Lasterketa egin ez zuten asko ere bazebiltzan Villabonako plazan, batzuk animatzen, besteak poteoan, eta bolondres lanetan zenbait.

Sari banaketaren ondotik heldu zen ekitaldi nagusia. Etxerateko kideak igo ziren oholtzara hasiera emateko: «Etxerako bidean kilometro garrantzitsuak zeharkatu dituzue gaur Villabonan, elkartasunez eta maitasunez beteriko kilometroak dira gaur hemen zeharkatu ditugunak». Hamar urte igaro dira Oiartzunen lehen aldiz Lasterbidean antolatu zutenetik, eta bideari erreferentzia egin zioten: «Bagenekien luzea izango zela lasterketa, azken preso, iheslari eta deportatua etxean izan arte; luzea eta gogorra, baina maitasunez betetako bidea». Dispertsioak eraildako 16 senide eta lagunak ere gogoratu zituzten.

LANAREN EMAITZA

Zaballako espetxetik euskal presoek igorritako eskutitzean ere bidea izan zuten aipagai: «Korrika egiteaz gain, gaur baduzue zer ospatu, ia preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan gaude. Poza eta lasaitua dugu. Ospatu dezagun». Hala ere, «bide zailena» geratzen dela aitortu zuten, denak etxera ekartzea: «Zuen laguntzarekin gu prest gaude etxerako bidea egiteko».

Preso gehienak beren etxeetatik gertu badaude ere, dispertsioaren amaiera ez dela %100 gauzatu gogoratu zuten: «Estatu frantsesean, etxetik ehunka kilometrotara dagoen Ainhoa Ozaeta preso andoaindarra da adibideetako bat». Eta horrekin batera, salbuespenezko espetxe politika ere ez dela bere osotasunean amaitu salatu zuten: «Horren adibide dugu, Fiskaltzaren helegite batek Joseba Borde berriz ere espetxeratu izana».

EGUN OSOKO EGITARAUA

Adin eta zaletasun ezberdinentzat aukera izan zen Amasa-Villabonan. Lasterketa, 600 bat kiderentzako herri bazkaria, eta arratsaldean eskaintza zabala: haurren txokoa, elektrotxaranga, pilotariak eta kontzertuak. Lasterketari dagokionez, emakumezkoetan Amagoia Iribar izan zen aurrena, Alazne Irigoien bigarrena, eta hirugarren postua Maider Etxeberriak lortu zuen. Gizonezkoetan, aldiz, podiumean lehen postua Aitor Etxeberriak izan zuen, bigarrena Aritz Garinek eta hirugarrena Antton Belaustegik.