Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA

Irene Paredes Txapeldunen Ligako hamaikako onenean sartu du UEFAk

Adituek Bartzelonako 6 jokalari hautatu dituzte denboraldiko hamaikakoan, haien artean atzelari legazpiarra. Aitana Bonmati izan da futbolari onena.

Paredes eta Popp lehian, PSV Stadionen.
Paredes eta Popp lehian, PSV Stadionen. (John THYS | AFP)

Bartzelonak Txapeldunen Liga irabazi zuen larunbatean, bigarren aldiz, finalean Wolfsburgo gaindituta, eta nagusi da UEFAk hautatutako banakako sarietan ere. Jokalari onenen artean euskaldun bat dago aurten, Bartzelonaren elastikoa jantziz kontinenteko trofeo handiena lehen aldiz altxatu duen Irene Paredes, hain zuzen ere.

Atzelari legazpiarra denboraldiko hamaikakoan sartu dute UEFAko adituek. Ez da lehenbiziko aldia Paredesek horrelako aitortza jasotzen duela. 2018an, Paris Saint Germainen jokatzen zuela, FIFPro futbolarien nazioarteko sindikatuak munduko hamaikakoan sartu zuen. Eta hiru urte geroago, aurtengo sari bera eman zion UEFAk, orduan Parisko taldea Txapeldunen Ligako finalerdietan kanporatuta geratu zen arren.

Frantziako Ligak edota “The Guardian” egunkari britaniarraren urteroko zerrenda ospetsuan ere behin baino gehiagotan aukeratu dute gipuzkoarra jokalari onenen artean.

Ohi den bezala, lehiaketako finalistak dira Txapeldunen Ligako hamaikako onenean ordezkari gehien dituzten taldeak. Sei dira Bartzelonakoak eta lau Wolfsburgokoak. Gainerako taldeetatik, Arsenal izan da futbolari bat sartzea lortu duen bakarra, Katie McCabe hegalekoa, alegia.

Jokalari hauek osatu dute «urrezko» hamaikakoa: Merle Frohms (Wolfsburgo); Lucy Bronze (Bartzelona), Irene Paredes (Bartzelona), Mapi Leon (Bartzelona); Katie McCabe (Arsenal); Aitana Bonmati (Bartzelona), Lena Oberdorf (Wolfsburgo), Patri Guijarro (Bartzelona); Caroline Graham Hansen (Bartzelona), Alex Popp (Wolfsburgo) eta lehiaketako golegile nagusia izan den Ewa Pajor (Wolfsburgo).

Horietako bik gainontzeko saria eskuratu dituzte. Zelai gainean bakarrik ez, Aitana Bonmatik hemen ere hartu du Alexia Putellas taldekidearen lekukoa, Txapeldunen Ligako jokalari onena izendatu baitute. Eta Lena Oberdorf izan da futbolari gazte onena, jokatu dituen txapelketa handi gehienetan egin duen bezala.

Denboraldiko hamar gol onenak ere aukeratu dituzte UEFAko adituek. Haien artean, Arsenaleko Frida Maanumek Bayerni final laurdenean sartu ziona izan da bozkatuena, Graham Hansenek finalerdietan Stamford Bridgen sartutako eta Mariona Caldenteyek Rosengardi multzoko fasean egindako golen aurretik.

HAZKUNDEA

Ez dira gutxi gol horiek ikusi dituztenak, 50 milioi ikusleko audientzia metatua izan baitu norgehiagokak DAZNen eta bere Youtubeko kanalaren bidez. Iaz izandakoa baino %17 handiagoa da.

Datorren denboralditik aurrera partida gehienak plataformaren bidez besterik ezin izango dira ikusi, 19 bakarrik eskainiko baitituzte doan Youtuberen bitartez.