GARA
MARKINA-XEMEIN
ZESTA-PUNTA

Iazko arrakasta gainditzeko helburua dauka Markina-Xemeingo Grand Slamak

Zesta-punta olatuaren aparrean dagoela, Jai Alai World Tour zirkuituko bigarren txapelketa aurkeztu zuten atzo, Markina-Xemeingo Grand Slama, alegia.

Ostiralean jokatuko da lehenbiziko partida, Pilotaren Unibertsitatea frontoian, 20.00etan hasiko den jaialdian. Finala maiatzaren 16an izango da eta ETBk emango du zuzenean. Guztira, sei jardunaldi izango ditu txapelketak: ligaxkako faseko hiruak -hauek ostiraletan jokatuko dira-, bi finalerdiak -uztailaren 2an lehena (18.00etan) eta uztailaren 8an bigarrena (19.00etan)- eta finala, Karmen Egunean (hilaren 16an), 18.00etan.

Jai Alai World Tour zirkuituko zortzi pilotari titularrak arituko dira: Zabala, Goikoetxea, Erkiaga, Lopez, Barandika, Lekerika, Basque eta Olharan; eta horien artean dago markina-xemeindar bat: Jon Zabala. Dena den, ez da izango bakarra, Jokin Arbek, Alex Goitiandiak, Ion Ibarluzeak eta Gorka Mugartegi “Atain”-ek ere jokatuko baitute. Lau hauetan Arbe da goi mailan esperientzia gehien duena. Gainerako hirurek aurrerapausoak eman nahi dituzte. Bikotekide bikainak izango dituzte: Goitiak Lopezekin jokatuko du, Atainek Goikoetxearekin, Ibarluzeak Erkiagarekin eta Arbek Lekerikarekin.

Aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuten iazko edizioa «mugarria» izan zela: «25 urtean holako zesta txapelketa arrakastatsurik bizi gabe zegoen Pilotaren Unibertsitatea. Marka hori gainditzea da aurtengo helburua. Iazko olatuaren ondoren, zesta-punta hazte eta sendotze fasean dago orain, etorkizunerako oinarri sendoak finkatzen», azaldu zuten antolatzaileek. Grand Slam hau "Eraman!" enpresak eta Markina-Xemeingo pilota eskolak elkarlanean antolatu dute: «Kirol honen historian herri garrantzitsua izan da Markina-Xemein eta aro berrian ere hor izan behar duela erakutsi nahi du».

Sarrerak salgai daude www.eramanjaialai.com atarian. Ligaxkako partidak ikusteko, 12 eurotan dira; finalerdietakoak, 15 eurotan; eta finalekoak, 20 eurotan.