Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ESKUBALOIA

Lyndie Tchaptchet, zuhurtziaz eta ilusioz erronka berriari begira

Bera Berak atarrabiarra fitxatu du datozen bi urteetarako. Gaztea talde txapeldun batean «garrantzitsua» izateko prest ikusten du klubak.

Lyndie Tchaptchet, «Ammma» zentroan.
Lyndie Tchaptchet, «Ammma» zentroan. (GARA)

«Lyndie Tchaptchet, 18 urteko pibotea, oraina eta etorkizun handiko jokalaria da, ez soilik Estatu mailan, bai eta nazioartean ere», hala deskribatu zuen Tati Garmendia Bera Berako eskubaloi ataleko arduradunak fitxaketa berria. Atarrabiarrak bi urterako sinatu du eta «gogotsu» dago erronkari ekiteko, atzo, “Ammma” errendimendu zentroan eginiko aurkezpenean onartu zuenez.

Denboraldia amaitu aurretik jaso zuen Imanol Alvarezen deia eta «ezustean» harrapatu zuen. Aurten egin du debuta elitean, Beti Onak taldearekin. Bera Berarako jauzia egitera zerk eraman duen itaun eginda, «arriskatzen ez duenak ez du irabazten», adierazi zuen Atarrabiako piboteak.

Garmendiak azaldu zuen, gaztea izanagatik ere, «prest» dagoela goi mailan lehiatzeko -erakutsi du azken sasoian Beti Onakekin, «momentu klabeetan garrantzitsua izaten eta minutu asko jokatzen- ,bai eta «Imanol Alvarezen taldean pieza inportantea» izateko ere. «Fisikoki oso indartsua den jokalaria da (1,85 metroko luzera du)», esan zuen donostiarrak, eta jokalariak berak ere ezaugarri hori nabarmendu zuen, «agerikoa da».

Erasoan, sei metroetan, eta defentsan (hiruko lerroan) ongi moldatzen den jokalaria da. Tchaptchetek zehaztu zuen defendatzea gustatzen zaiola gehien. Hobetzeko ezaugarrien artean, «mugikortasuna eta abiadura» aipatu zituen.

Hazkundea azkarra izaten ari da Tchaptchetentzat. Duela urtebete Atarrabiako taldearekin igoera lortu zuen, aurten mantentzea erdietsi dute eta hurrengo denboraldian talde txapeldun batean jokatuko du: «Denboraldi amaieran ez dut asko pentsatu nahi izan. Beti Onakekin zentratuta nengoen, baina, behin helburua lortu eta sasoia bukatu dela, errealitate kolpe bat izan da... Donostiara etorriko naiz bizitzera eta aldaketa guztiei gutxika-gutxika aurre egin beharko diet».

Bere ahizpa Lysa Tchapcheten bilakaera ere ziztu bizikoa izaten ari da. 21 urte besterik ez dituela, bigarrenez irabazi du EHF Champions League txapelketa Vipers talde norvegiarrarekin. Bere ahizpa da Lyndieren «aholkulari onena». Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea Espainiako selekziotik ezagutzen du Lysak, eta «berarekin ondo egongo naizela esan dit».

«Gure ama ezin sinetsita dabil. Eskubaloi zale sutsua da eta oso pozik dago. Lasaitasunez hartzeko esaten dit, ahizpak esaten didan gauza bera», dio Lyndie Tchaptchetek.