Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Donostiarra eta Urdaibai gailendu dira Euskadiko Txapelketan

Donostiarrak erakutsi du Gipuzkoakoa irabazi izana ez dela kasualitatea izan, eta berretsi du ligan kontuan hartzeko aurkaria izango dela. 'Bou Bizkaia'-k olatu aparretan jarraitzen du eta, Bizkaikoan gailendu ostean, nagusitasunez irabazi du Euskadikoa.

Donostiarrako arraunlariak, Ondarroan Euskadiko Txapelketa irabazi berritan, garaipena ospatzen.
Donostiarrako arraunlariak, Ondarroan Euskadiko Txapelketa irabazi berritan, garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Emakumezkoen zein gizonezkoen estropadako bigarren txandetan erabaki zen atzo zein izan ziren traineru azkarrenak Ondarroan jokatu zen Euskadiko Txapelketan. Emakumezkoetan Donostiarrak erakutsi zuen Gipuzkoakoa irabazi izana ez zela kasualitatea izan, eta Euskadikoa irabazi zuen, bigarrenez, Oriorekin lehia estua izan ondoren -lehena 2010ean irabazi zuen- . Nerea Perez patroi zuen taldeak berretsi zuen Euskotren ligan kontuan hartzeko aurkariak izango direla.

Gizonezkoetan, Urdaibaik olatu aparretan jarraitzen du, eta Bizkaiko Txapelketa hamalaugarrenez irabazi eta gero, nagusitasunez gailendu zen. Gorka Aranberri patroiak gidatutako ontzia gainerako aurkariak baino koska bat gorago dago, eta iaz liga bukatu zuen maila berean jarraitzen duela erakutsi zuen. Bermeok zortzigarren garaipena du Euskadiko Txapelketan, eta palmaresean goi-goian jarri da. Atzetik, zazpi garaipen dituzte San Pedrok, Kaikuk eta Hondarribiak.

Ondarroan lasai zegoen marea, korronte barik. Haizea ipar-ekialdetik, zortzi kilometroko abiaduran. Emakumezkoen aurreneko txandan lehen kaletik laugarrenera aritu ziren Hondarribia, Tolosaldea -Portugaleteren ordez sartu zen, uko egin ziolako parte hartzeari-, Ondarroa eta Arraun Lagunak; eta bigarrenean, Orio, Donostiarra, Deustu eta Kaiku.

ARRAUN LAGUNAK NAGUSI

Lehen txandan Arraun Lagunakeko traineruak ez zuen aurkaririk izan, 5.43 denbora markatu zuen ziabogan, Tolosaldea bederatzi segundotara zuela. Atzerago, Hondarribia 11 segundotara eta Ondarroa, askoz ere urrunago, 36 segundotara. Bigarren luzean ematen zuen Tolosaldea lehen postura hurbiltzen ari zela; poparean dotore zebilen Ramon Erostarberen taldea. Tolosaldea zazpi segundotara hurreratu zitzaion Donostiako traineruari, baina barnealdekoek ontziaren norabidea aldatu zuten, eta ez zion tarterik jan Andrea Astudillo patroiaren ontziari. Hortik aurrera, Arraun Lagunak aldea handitzen hasi zen, arraunkada luzearekin, hamalau segundotaraino.

Donostiako taldeak markatu zuen lehen txandako denborarik onena: 10.54.60. Haien atzetik iritsi ziren Tolosaldekoak, 15 segundotara, eta Hondarribikoak, 26 segundotara. Gipuzkoako Txapelketan ez bezala, kostaldekoek barnealdekoei irabazi zieten Euskadikoan, eta Maialen Amondarain patroi zuen trainerua gailendu zen. Etxeko ontzia, Ondarroa, izan zen lehen txandako aurkari ahulena, eta ez da harritzekoa. Izan ere, txanda horretatik, ETE ligan lehiatuko den bakarra izango da, beste guztiak, Euskotrenen arituko baitira.

ORIO-DONOSTIARRA, LEHIA

Arraun Lagunakek lehen txandan ezarri zuen denbora erreferentzia hartuta ekin zioten bigarren txandari. Lehia estua bizitu zuten Oriok eta Donostiarrak. Nadeth Agirre patroi zuen ontziak markatu zuen ziabogan estropadako denborarik onena: 5.39. Atzetik, Donostiarra hiru segundotara. Bigarren luzean, ordea, aurrea hartu zion Oriori Nerea Perez lemazain zuen traineruak, eta helmugan sei segundo atera zizkion. Brankaz Orio gailendu zen, baina poparean Donostiarra nagusiagoa izan zen. Bizkaiko bi traineruak lehia horretatik oso urruti zeharkatu zuten helmuga. Gipuzkoako ontziak Euskotren ligan lehiatuko dira, eta Bizkaikoak, aldiz, ETEn.

Itxaso Uzkudun Donostiarrako arraunlariak egin zituen adierazpenak ETB1eko kameren aurrean -berak estropadan ez zuen arraun egin-, eta nabarmendu zuen «bereziki bueltako luzean» asmatu zutela olatuekin: «Lehen luzean burua hotz eduki dugu, eta bigarrenean buelta ematen jakin dugu. Oso ondo entrenatzen ari gara, eta kontuan hartzeko moduko taldea gara». Hamalau arraunlari hauekin irabazi zuen Euskadiko Txapelketa Donostiarrak: Perez (patroia), Ugarte, Lekubarri, Alkorta, Iguarin, Larrañaga, Alberdi, Alonso, Castro, Uzkudun, Diaz, Zumeta eta Lopez.

IKUSKIZUNA, OHOREZKOAN

Gizonezkoetan, ikuskizun handiena bigarren txandan egon zen, hasieratik mokoka aritu baitziren estropadako lau ontzi indartsuenak: Urdaibai, Donostiarra, Hondarribia eta Zierbena. Lehia hain estua izan zen, lehen ziaboga egin aurretik lau ontziak parez pare baitzeuden. 4.52ko denbora markatu zuten laurek aurreneko ziabogan, baina Urdaibai izan zen lehena ateratzen, gero Donostiarra eta Zierbena, eta azkenik Hondarribia, pixka bat zabalera egin baitzuen.

Bigarren luzean tarteak zabaltzen hasi ziren, eta bi multzo osatzen: batetik, aurretik zihoazen Iker Zabalaren eta Mikel Orbañanosen taldeak eta, bestetik, Igor Makazagarenak eta Daniel Perezenak. Bigarren ziabogara denbora berean iritsi ziren ‘Ama Guadalupekoa’ eta ‘Bou Bizkaia’: 9.42. Bost-sei segundo atzerago zeuden Zierbena eta Donostiarra. Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunak lehia bizian aritu ziren: olatuaren gainean zihoanak aurrea hartzen zion besteari. Hirugarren luzean, ordea, txanda hautsi zen. Urdaibaik 4 segundoko errenta atera zion Hondarribiari. Laugarren eta azken luzean Bermeoko trainerua, aurkariekin zuen tartea aprobetxatuz, hobekien zetorkion kalean jarri zen eta azken luze ikusgarria egin zuen, Hondarribiari 15 segundo aterata.

Hamalau arraunlari hauekin irabazi zuen Euskadiko Txapelketa Urdaibaik: Aranberri (lemazaina), Azkarate, Goikoetxea, Zabala, Unanue, Mañas, Portugues, Cayon, Etxaniz, Zubiri, Colunga, Medina, Iglesias Calleja.

Gorka Aranberri Bermeoko patroiak hitz egin zuen estropada bukatutakoan, eta nabarmendu zuen horrelako egunak, «egun bereziak» direla: «Euskal Herriko txapelketa oso maitea dut, hala da Bermeon ere. Horrelako estropada bat irabaztea sekulakoa da». Horrez gain, adierazi zuen Ondarroko estropada «zaila» izaten dela, «zati batzuetan kale batek ematen dizun bezala, gero kendu egiten dizulako». «Hori bai, behin martxa hartuta, hauek [arraunlariei seinalatuz] bai daudela gosearekin, eta erakutsi dute», adierazi zuen Aranberrik.

Zarauztarrak bost Euskadiko Txapelketa irabazita ditu. Ligaz ere mintzatu zen Urbaibaiko patroia eta esan zuen «itxura ona» ematen ari direla, «urrats bat hobera» egin dutela, «elkarren artean hobeto ezagutzen» dutela, eta «emaitzek konfiantza eman» dietela.

Bestalde, lehen txandan Lekittarrak aise irabazi zuen. Bereziki bigarren eta laugarren luzean egin zituen denborarik onenak. Iñaki Goikoetxea lemazainak ezin hobeto aprobetxatu zituen olatu txikiak, traineruak abiadura handia har zezan. Santurtzi izan zen bigarrena; ikusita Lekittarra ondo zihoala, atzetik jarri zen laugarren luzean. Ondoren ailegatu zen Lapurdi, eta azkenik San Juan.