GARA
BILBO

Nekane Artola izango da Ikastolen Elkarteko trantsiziozko burua

Koldo Tellituk Ikastolen Elkarteko lehendakaria izateari utzi dio eta Nekane Artolak hartuko du leku hori behin-behinean. Euskal Herriko Ikastolen Artezkaritza Kontseiluak trantsizio karguak izendatu ditu, datorren urteko ekainean egitekoa den Batzarrera arte.

Nekane Artola Labordeta.
Nekane Artola Labordeta. (IKASTOLEN ELKARTEA)

Koldo Tellitu Mejiak Ikastolen Elkarteko lehendakaria izateari utzi dio, 17 urteren ondoren. Euskal Herriko Ikastolen Artezkaritza Kontseiluak trantsizioko postuak izendatu ditu 2023ko ekainetik 2024ko ekainera bitarte. Nekane Artola Labordeta (Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkaria) hautatu du EHIko lehendakari.

Artezkaritza Kontseilua Ikastolen Etxean elkartu zen atzo egindako Batzar Nagusiaren ostean, Artezkaritza Kontseiluko zenbait karguren berritzea gauzatzeko. Urtebetez izango dituzte trantsiziozko karguak. Erik Etxart (Bernart Etxepare Lizeoko ordezkaria) izango da lehendakariordea, eta Unai Mendizabalek (Armentia ikastolako ordezkaria) beteko ditu idazkari lanak. Elena Zabaleta (Baztan ikastolako ordezkaria) eta Josune Bañales (Kirikiño Ikastolako ordezkaria), berriz, idazkariorde izendatu dituzte. Bost lurraldeetako kide bana, beraz, Artezkaritzako goren postuetan izendatuak. Aukera ezin hobea dela adierazi du Ikastolen Elkarteak, lurraldetasunaren ikuspegitik, «Ikastolak gobernantza eredu demokratikoz eta berdinzalez gidatzeko».

Euskal Herriko Ikastolek 2021eko otsailaren 25an abiatu zuten “Bihar” prozesua, Ikastolek datozen urteetan gizarteari egingo dioten ekarpena zehazteko erabiliko dutena. Prozesu honen baitan irudikatzen dute ikastolek Artezkaritzako trantsizio egoera hau ere.

2024ko ekainean egingo den Ikastolen VII. Batzarrean, Ikastolek hurrengo urteetako estrategia eta gakoak aurkezteaz gain, gobernantza demokratikoaren bidez, berau ahalbidetuko duen Artezkaritza Kontseiluko kargu gorenak ere izendatuko dituzte.

“Bihar” prozesua luzea eta sakona izaten ari da. Euskal Hezkuntza Sistemak izan behar lituzkeen ezaugarriak barnebiltzen dituen Endekalogoa aurkeztu zuten, gogoeta egiteko, osatzeko eta praktikan jartzeko aukera ematen duena.

Izan ere, Ikastolen Elkarteak azaldu duenez, «gaur biharkoaz hausnartu eta etorkizunera begira jartzeko unea da ‘Bihar’ prozesua». Eta prozesu honen barnean irudikatzen dute ikastolek Artezkaritzako trantsizio egoera hau.

KOLDO TELLITUREN LEKUKOA

Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik Tellitu izan du buru, joan den ostegunera arte.

17 urte eman ditu Ikastolen Elkartea zuzentzen; Konfederazioko lehendakaria izan zen lehen hiru urteetan eta Europar Kooperatiba Elkartekoa hurrengo hamalauetan.

Joan den ostegunean omenaldia egin zioten Hernaniko Oronan.