GARA
BILBO

Kantua, elkartzeko aitzakia eta «transmisio tresna», Bilbon

«... eta elkartuko gara berriro» lelopean, Euskal Herria Kantuz eguna ospatu zuten atzo Bilbon. Milaka kantuzale, 800 bazkari inguru, hainbat musikari, zazpi gune eta 25 abestiko kanta zerrenda izan ziren eguneko protagonista.

Bai Euskarari egindako omenaldia atzo Bilbon.
Bai Euskarari egindako omenaldia atzo Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herri osotik iritsitako milaka kantuzalek bat egin zuten atzo Bilbon Euskal Herria Kantuz egunean. «... eta elkartuko gara berriro» lelopean egin zuten, 2019. urtetik lehen aldiz. Hau da, pandemiak eragindako etenaren ostetik, lehenbizikoz.

Goizez 11:00etan hasita, Abando eta Indautxu aldeko hiru gunetan abestu zuten hainbat txokotatik heldutako kantuzaleek, Kale Nagusia lekuko zutela. Bazkariaren ondoren, 17:00etan abiatuta, Zazpikaleetan barna, beste lau gune edo geldialdi egin zituzten, kanta zerrenda osoa abesteko. 19:00ak aldera, Bai Euskarari ekimenaren 45. urteurrena dela medio, hari eskainitako omenaldiaz amaitu zuten Plaza Barrian.

Atzorako, gainera, liburuxka berezia izan zuten esku artean, Erramun Mendibelanda margolariak egindakoa, abestiz josia.

Bilboko Kantuzale Elkartea, Euskal Herria Kantuz (Euskal Herriko kantu taldeen sarea) eta Bilboko Konpartsak-ek antolatu zuten ekitaldia. Kantua Euskal Kulturaren «transmisio tresnatzat» dute eta atzokoa ere horren eredu izan zen. Zenbakitan: milaka kantuzale, 800 bazkari inguru, hainbat musikari, zazpi gune, 25 abestiko kanta zerrenda…

2010. urtean euskal kantu talde herrikoien sarea sortu zenetik (Euskal Herria Kantuz), urtero ekimen bateratu bat antolatzen da herrialdez herrialde; kantu taldeen topaketa bihurtu dute Euskal Herria Kantuz eguna. 2014an Bilbon izan zen eta 2020an berriro ere izatea aurreikusi zen. Azkenean zita 2023ra arte atzeratu da.

URTEAN ZEHAR

Kantarien helburua kaleetan euskarazko abesti herrikoiak abestea da, eta zeregin horretan konpartsakideak eta ideia horren sortzaileak elkarrekin daude. Erandio, Deustu, Santutxu... talde horien jardunaren ondorioz, BEKE (Bilboko Euskal Kantuzaleen Elkartea) sortu zuten, eta konpartsekin batera, Bilbo Kantari ekimena aurrera eraman dute.

Hilabetero bigarren larunbatean 20.00etan Kalderapeko tabernatik abiatu ohi dira (Txakur kaletik). Hala ere, aurreko urteetako pandemiaren ondorioz, eta kale estuak ekidin nahian, kantu saioen hasiera antzinako Burtsa eraikinaren ondoan egiten dute, betiere 19.30ean. Eta horrela izango da aurrerantzean ere.