GARA

JOXEPA ZUBELDIAK BADU BERE PLAZA

Emakumeak plazan aritzea gaizki ikusia zegoen garaian, hernaniarrak bertsotan egiten zuen. Ezkiagako kioskoa berea da orain.

Maialen Lujanbio, Arrate Rodriguez eta Carlos Ndungmandum elkarlanean aritu dira.
Maialen Lujanbio, Arrate Rodriguez eta Carlos Ndungmandum elkarlanean aritu dira. (Jon URBE | FOKU)

Hernaniko Ezkiaga pasealekuko kioskoa eraberritu dute azken asteotan Maialen Lujanbio bertsolariak eta Arrate Rodriguez eta Carlos Ndungmandun diseinatzaileek. Aurrerantzean, Joxepa Zubeldia Elizegiren kioskoa izango da. Zubeldia 1867. urtean jaio zen Hernaniko Ibarluze baserrian. Madrilera joan zen neskame eta bertan ezkondu. 1904. urte inguruan Hernanira bueltatu zen. Bost seme-alaben ama, bertsoak idaztea eta kantatzea maite zuen. Etxean alabek ez omen zioten idazten uzten. Hartara, urtero pare bat asteko egonaldia egiten zuen bere lagun Luisa bizi zen Barkaiztegi baserrian. Bertan gordetzen zituen bere bertsoak, ganbarako kutxa batean. Joxepa hil zenean bere bilobak saiatu ziren kutxa hartako idatziak topatzen, baina ustez bere alabek erre egin zituzten. Alabak asko lotsatzen omen ziren ama bertsolaria zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako. Baina berak ahal zuen guztietan kantatzen zuen, behin Ezkiagan bertan mahai baten gainera igota. Eta bere etxeko balkoitik ere aritzen zen bertsotan. Plazarik baimentzen ez zitzaion bertsolaria izan zen eta orain kiosko bat izango du, zor zaion bertso plaza.