Suizidioaren prebentzioa indartuko du Osakidetzak
Osakidetzako zuzendaritzak atzo Legebiltzarrean aurkeztu zuen Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak bi ekintza lerro berri jasotzen ditu: larrialdi zerbitzuak eta suizidioaren prebentzioa.

Osakidetzaren 2030erako Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak bi ekintza lerro berri jasotzen ditu: larrialdi zerbitzuak eta suizidioaren prebentzioa. Rosa Perez Osakidetzako zuzendariak eta Enrique Peiro Pazientearen Osasun eta Segurtasuneko programen koordinatzaileak aurkeztu zuten atzo pazienteen segurtasunerako bide-orri berria, Gasteizko Legebiltzarreko Osasun batzordean.
Azaldu zutenez, biztanleei eskaintzen zaien osasun arretan «segurtasun maila handiagoa» ematea helburu duen estrategiak azken hamarkadan garatutako bi estrategia ditu abiapuntutzat. Eta horietan zehazten diren ekintza lerroak mantenduko ditu, besteak beste, haurdunaldi, erditze eta puerperio prozesuetako segurtasuna, kirurgia segurua, kalterik gabeko gorabeheren jakinarazpena edo osasun asistentziarekin zerikusia duten infekzioen prebentzioa eta kontrola.
Horiez gain, bi ekintza lerro berri jasotzen ditu datozen zazpi urteetan indarrean egongo den Pazientearen Segurtasunerako Estrategiak. Suizidioaren prebentzioa da bat. Perezen esanetan, arreta handiagoa jarri nahi da beren buruaz beste egiteko arriskua izan dezaketen pazienteengan, osasun arreta jasotzen dutenean haien «bizi kalitatea hobetzeko».
Gainera, Enrique Peirok zehaztu zuenez, «diziplina anitzeko begirada batekin suizidioen %30 ekidin daitezke», estimazioen arabera.
Prebentzioaren alde, besteak beste, gizartearen sentsibilizazioa bilatuko du Osakidetzak. «Gizartearen papera giltzarria da», esan zuen Peirok: «Denon kolaboraziorik gabe ezinezkoa izango da pazientearen segurtasunerako estrategia martxan jartzea».
LARRIALDI ZERBITZUAK
«Larrialdi zerbitzuek prozesu konplexuei aurre egin behar diete egoera kritikoetan, eta horrek areagotu egiten du segurtasun gorabeherak gertatzeko arriskua», ohartarazi zuen Rosa Perezek. Hori murriztu nahian, aurreratu zuen zerbitzu horietan berariazko proiektuak garatuko direla.
Peirok, bestalde, onartu zuen izan direla gertaera «kaltegarri» batzuk larrialdi zerbitzuetan, «egoera kritikoan» dauden gaixoak artatzeak «arrisku gehigarria» dakarrelako, bere esanetan.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
