GARA
DONOSTIA

«Modu antolatuan eraso zuten eta modu antolatuan alde egin zuten»

Sorian eraso faxista jasan zuen Ion Aranburu donostiarra komatik atera da, NAIZ Irratian Irati Aranburu lehengusin eta familiaren eledunak esan zuenez. Planifikaturiko eraso faxista izan zela nabarmendu eta Polizia eta agintariengandik jasotako tratua salatu zuen.

Ion Aranburuk jasandako eraso faxista salatzeko Donostiako Antigua auzoan egin zuten elkarretaratzea.
Ion Aranburuk jasandako eraso faxista salatzeko Donostiako Antigua auzoan egin zuten elkarretaratzea. (Jon URBE | FOKU)

Ion Aranburu donostiarra, Sorian eraso faxista pairatu zuena, komatik atera da Burgoseko ospitalean, NAIZ Irratian Irati Aranburu lehengusinak jakitera eman zuenez.

Bi aste eta erdi koma induzituan izan eta gero, hobera egin du Ion Aranburuk. «Pausotxoak ematen ari da», esan zuen. Koman zegoela funtzio fisiko, fisiologiko, kognitibo eta motor guztiak geldirik izan ditu eta sedazioaren ondorioak ditu. Kraneotomia bat egin behar izan zioten, presioa arintzeko. Hematomak hor jarraitzen du eta egoera larrian segitzen du. Epe luzera ikusiko da zein ondorio dituen.

Tentsio handiko egunak pasatu izan dituztela nabarmendu zuen lehengusinak: «Parteen zain ginen, egoera jasanezina zen. Ez dakizu albiste onak ala oso txarrak izango diren. Izugarrizko ezinegona sortu zen familian».

Jasandakoa eraso faxista «argia eta garbia» izan zela nabarmendu du. Izan ere, taberna bateko terrazan zeudela, kalearen sarrera batetik ultrak sartu ziren. Autobusetik harri, labana eta makilekin jaitsi zirela azpimarratu du. Hori ikusita, terrazan zeuden batzuk tabernara sartzen saiatu ziren, baina Ionek ihes egitea erabaki zuen. Zoritxarrez, kalearen beste sarreratik ultra gehiago topatu zituen.

Lehengusinak esan zuenez, ultrak «modu antolatuan eraso egin eta modu antolatuan alde egin zuten», laburbildu du. Erasoa egin eta gero, ultrek poliziak babestuta alde egin zutela gaineratu zuen.

POLIZIA ESPAINOLAREN TRATUA

Salaketa jartzera joan zirenean gertatutakoa zalantzan jarri zuen Polizia espainolak, bi talderen arteko liskarra izan zela adieraziz. «Ez zen horrela izan. Jai giroan zebiltzan lasai, ultrak azaldu ziren arte. Eraso antolatua izan zen, norbait hiltzera bideratua. Adarra jotzen ari ziren sentsazioa izan dugu familian, babes gabe sentitu gara».

Agintarien partetik ez dutela laguntzarik jaso salatu zuen. Ez Soriakoen partetik, ezta Donostiako alkatearen eta Gipuzkoako ahaldun nagusiaren partetik. Familiarengana jo duen alderdi bakarra EH Bildu izan dela gaineratu zuen.