Jon ORMAZABAL
PILOTA

Masterseko fitxa ia berak, beste era batera nahastuta, udako lehen feriarako

Imazen ordez, Binakakoan bezala Jakarekin arituko den Aranguren izango da udari markoa jarriko dion txapelketatik aldaketa bakarra Iruñeko torneoan.

Pilotariak, zapi gorria janzten.
Pilotariak, zapi gorria janzten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Txapelketa nagusien presio eta zurruntasunik gabe, uda izaten da pilota munduan bestela ikusi ezin diren partidez edo desafioez gozatzeko garai egokia. Enpresek, ordea, abuztura arte behintzat, ez dute batere arriskatu nahi izan eta Labrit egunero beteko dela ziurtatuta izanda, Mastersean erabiliko dituzten pilotari ia berak aukeratu dituzte udako torneorik luze eta garrantzitsuenerako. Aldaketa bakarra dago; Arangurenek hartuko du Imazen lekua eta, Binakakoan bezala, Erik Jakarekin arituko da. Hori bai, Mastersean bikoteak mistoak izango diren bitartean, Iruñeko ferian enpresa bereko pilotariek osatuko dituzte bikoak; hau da, osagai ia berberekin beste menu bat izango dute pilotazaleek.

Lehiaketa sisteman ere berrikuntza gutxi dakartza atzo aurkeztu zuten aurtengo udako lehen feriak eta sei bikote ariko dira lehian, bi multzotan banatuta. A taldean Peña II.a-Albisu, Elordi-Martija eta Larrazabal-Mariezkurrena II.a ariko dira eta Altuna III.a-Rezusta, Jaka-Aranguren eta Ezkurdia-Zabaleta B taldean. Hau da, iaz Mariezkurrenarekin garaipena eskuratu zuen Iñaki Artola kanpoan utzi du Baikok. Izen berriei dagokienez, Mastersean bezala, Aitor Elordi txapelduna eta Iker Larrazabal lirateke sanferminetako ferian lehen aldiz arituko direnak.

FINALA, ARRATSALDEZ

Binakako torneoa uztailaren 7an hasiko da, gauez, baina eguerdian jokatuko den lau eta erdiko finala zein den ezagutu arte, ez dago zehazterik zein partidarekin emango zaion hasiera. Lehen fasean multzo bakoitzean ligaxka bat jokatuko da, bikote bakoitzak bina partida, eta talde bakoitzeko onenek jokatuko dute finala. Ohi bezala, lehiaketa uztailaren 14an, amaituko da, arratsaldez.

Finalaren bezperan, olioaren desafioa jokatuko da eta hor izango dute torneoan jokatzeko esperantzaren bat zuten pilotariek aritzeko aukera. Peio Etxeberriak eta Mikel Urrutikoetxeak lau eta erdian jokatuko dute elkarren aurka eta Artola eta Dariok buruz buru. Binakako partida torneoko finalaren araberakoa izango da.

TOLOSA, BESTE BI ASTE

Espero eta nahi baino gehiago ari zaio kantxetarako itzulera atzeratzen Xabi Tolosari. Hiru hilabete bete berri dira zuntz haustura batek anoetarra Binakako finalik gabe utzi zuenetik eta berez, aurreko igandean Logroñon itzultzekoa bazen ere, beste bi aste eman beharko ditu gutxienez kantxetara itzuli aurretik. Zuntz haustura erabat itxita dagoen arren, giharrak oraindik ez daude erabat osatuta eta, lesioa berriz ere ager litekeen beldur, medikuek nahiago izan dute beste 15 bat egun bat itxaron ditzala berme handiagoarekin itzultzeko.