Izaro IZU
BIHAR EDIZIO BERRIA

AZKEN BI HAMARKADOTAKO HIRIA, IRRIKITALDIAREN ISPILUAN

Azken urteak Donostian eman duena eta protagonista nagusietako batzuk umorezko antzezlan bilakatuko dituzte piratek bihar, jaiei bukaera ematen dien Irrikitaldian. 2006tik hona egiten dute eta, urtez urteko errepasoa eginez, hiriaren bilakaera errepasa daiteke. Surrealismoa da nagusi; baina non, antzezlanean edo hiriko errealitatean?

Gidoi txiki xume bat badu Irrikitaldiak, baina inprobisaziotik ere asko du. Horregatik, igandean 17.00etatik aurrera Bulebarrean gertatuko denik ezin da iragarri. Barrea ziurtatuta dago, hori bai. Donostiak horretarako arrazoiak sobera ematen dituelako. Nahiz eta, egiari zor, batzuetan errealitate gordina piraten irudimena baino haratago doan.

Duela 17 urte abiatu zuten Aste Nagusia borobiltzeko ekimen hau, eta bere apaltasunean, arrakastatsu bilakatu da. Urtez urteko gainbegiratua eginez, historiagileek osa lezaketen Donostiaren ibilbidearen laburpen bat egiten da, herriaren begiradatik eta umorez. Asko izan litezke, baina zortzi pasarte hauetan bildu dugu.

1. «ZINISMOALDIA»

Donostia ezaugarritzen duten ospakizunak Irrikitaldiaren jopuntuan egon ohi dira. Aste Nagusiko hasierako kanoikada izan daiteke (Luis Mokoroa nagusiaren imitazio batzuk gogoangarriak izan dira), edo su artifizialak eta izozkiak, edo 2016ko Europako Kultur Hiriburuarena, edo errege espainolek egindako bisitak, edo 2009ko Realaren mendeurrena, edo tren turistikoa...

Zinemaldia, jakina, ez da libratzen. Honela irudikatu zuten lehenengo edizioetako batean: ekimenak dakarren gastuari kritika eginez («Pastizal de Donostia») eta orduko antolakuntzak ezarritako zenbait debeku salatzeko asmoz («Donostiako Zinismoaldia»).

2. IZAGIRRE ERE BAI

Odon Elorza orduko alkatea izan zen «jipoituena» hasieran, baina 2011n kargua hartu zuen Bilduko Juan Karlos Izagirre ere erori zen piraten parodiaren atzaparretan. Honela irudikatu zuten urte hartan: Donostiako alkatetzatik Igeldoren independentzia aldarrikatuz. Ahoskera imitatzeko lan bikaina egin zuten. Eta hurrengo edizioetan sendagile gisa eta motorrean igota ere irudikatu zuten igeldotarra.

3. BANKETXEAK «LIBRE»

Apirilean atxiloketa politikoen aurka Bulebarrean osatu zen herri harresi jendetsua izan zen 2013ko albiste nagusienetako bat Donostian, duda izpirik gabe, eta ondorioz, abuztuko Irrikitaldian ere “Libre” aldarria ozen zabaldu zuten, laranja koloreko elastiko eta puxiken bitartez.

Harresia eraiki zen berriz, estu-estu, kioskoaren inguruan, baina ez zuten oraingo honetan mehatxupean ziren gazteen defentsan jardun, banketxe eta enpresarien alde baizik. Urte hartako zenbait diskurtso ofizialen arabera, dirudunak ataka larrian zirelako garai hartan, etekinak gainbeheran zirelarik.

4. GASCO ETA GOIA

2015eko legegintzaldian bikote xelebrea osatu zuten PSEko Ernesto Gascok eta EAJko Eneko Goiak Udaletxean. Alkatea azken hau bazen ere, Gasco alkateordea bere gainetik nabarmentzen zen behin eta berriro, eta horrekin txantxa ugari asmatu ahal izan zituzten Donostiako piratek.

Irudian, Eneko Goia Korrikako petoarekin ageri da, irribarre asko urratu zituen pasartea gogoratuz: euskararen aldeko lasterketako lekukoa bere aurretik pasatu zen ohartu gabe. Alkatearen izaera honelakoa da, «lasaia». Oldarkorragoa zen Gasco alkateorde gisa, baina Madrilera joan zen gero, eta geroztik, bere falta sumatu dute Irrikitaldian, Munilla apezpikuarekin batera, inspirazio iturri nagusi izan zutelako urte askotan zehar.

5. ZEZENKETARA BERRIZ

Udal Gobernu horren eskutik itzuli ziren zezenketak Donostiara, hiru urteko etenaldiaren ostean, eta horregatik, 2015eko Irrikitaldia Zezen Plaza bihurtu zuten parte-hartzaileek. Espainiako banderak nonahi, abanikoak, mantelinak eta apain-orraziak, eta inoiz ikusi gabekoa: ikurrina toreatzailearen kapote gisa, ospakizunari bertako kutsua eman nahian.

Gipuzkoako egunkari salduenaren aipamena ere ez zen falta irudian. Egia esan, “El Diario Fatxo” nonahi ageri da Irrikitaldietan, “El Diario Vasco” hirian antolatzen den ekimen askoren babeslea dela parodikoki seinalatuz.

6. ARTZAPEZPIZKU ANDERE

Hasieratik botere faktikoak lotsagabe uzteko bokazioa izan du ekitaldi honek, eta horregatik, Elizaren miseriak ia urtero antzeztu dituzte, non eta Koruko Andra Mariren eskaileretan, ataria oholtza gisa hartuta. Eta Eliza katolikoaren barruan Donostian norbait nabarmendu bada, hori Jose Ignacio Munilla gotzaina da.

Era guztietara irudikatu dute piratek, serio eta irribarretsu, ponpa guztiarekin eta ipurdia erakusten, gizon eta emakume gisa. Nahiz eta Munillak utzitakoak, bai orduan eta baita orain dela gutxi ere, zinez gainditzeko zailak diren.

7. DONOSTIA ESPAINIARRA

Donostiari izaera espainiarra ematen diotenak baziren, badira eta izango dira. Horiei eskainita, «Guardia Zibil Pais Vascora», aldarrikatu zuten argazkiko pankarta horrekin, Bulebarreko kioskotik, azken Irrikitaldietako batean. «Batasuni»-en kontrako mezuak azaldu ziren aurreko beste batean. Borboi familiakoak ere sarritan agertu dira ospakizunean, beren arbasoen bide bera eginez; lehenik Juan Carlos aita izan zen, herrenka, elefante kume baten ondoan -Botswanako garai onak gogoan-,, eta gero Felipe semea, Donostian bainatzeko irrikaz baitzen. Eta Irrikitaldian goraipatutako udatiarrei «Hau Espainia da» jakinarazi zaie maiz. «Gora turistak» entzungo al da berriz biharkoan?

8. ETA BELLE EPOQUE BETI

«Troupe» umoretsu honen barruan edonor sar daiteke, antzerkian parte hartu beharrik gabe. Izan ere, guztientzat dago gordeta Donostia turismo mailan distiragarri egin zuen Belle Epoque-ko pertsonaiaren bat edo beste. Aitona-amonen trapu zahar dotore batzuk hartuta, edo ezkontzaren batean erabilitakoa armairutik berriro ateraz, erraz moldatzen da janzkera. Hori eta umore ona dira Bulebarretik hasita Koruko Andra Marira arteko karabana eroan sartzeko osagai bakarrak. Festaren azken txanpa behar bezala eginez eta, bide batez, Donostiako historia herrikoia, ez ofiziala, marraztuz ospatuko da bihar Irrikitaldia.