GARA
GASTEIZ

Gasteiz da etorkin gehien bizi den eskualdea, biztanleen %14,9

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen inguruko datuak argitaratu ditu Ikuspegi-k, migrazioaren euskal behatokiak. Biztanle bakoitzeko etorkin gehien dagoen hirigunea Gasteiz da, eta ondoren, Bidasoa Beherea. Guztira, biztanle guztien %11,5 dira etorkinak EAEn; eta ehuneko handiena Latinoamerikan jaiotako migratzaileena da.

Gora Gasteiz, aniztasunaren aldeko eguna Arabako hiriburuan.
Gora Gasteiz, aniztasunaren aldeko eguna Arabako hiriburuan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ikuspegi-k, migrazioaren euskal behatokiak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen datuak argitaratu ditu. Gasteiz da etorkinen ehuneko handiena duen eskualdea, biztanleen %14,9 dira etorkinak, eta jarraian Behe Bidasoak (Gipuzkoa), %14,1. 2022ko urtarrilaren 1ean 2.208.174 pertsona zeuden erroldatuta EAEn, eta horietatik 253.939 ziren atzerritar jatorrikoak; biztanleria orokorraren %11,5.

Atzerritar jatorriko biztanleriak lurraldean duen banaketari dagokionez, hiriburuetan biltzen da ehuneko handiena. Hiru herrialdeetan dauden biztanle migratzaileen %68,3 biltzen dituzte hiru hiriburuen artean: Bilbo Handian %38,2; Donostialdean %15,3 eta Gasteizen %14,8. Atzerritar jatorriko pertsonek eskualde eta kuadrilla bakoitzeko biztanleria osoarekiko duten ehunekoari dagokionez, hurrengo sei eskualdeek dituzte ehuneko altuenak, hiru herrialdeen batez bestekoaren gainetik (%11,5), faktore ekonomikoengatik, besteak beste. Horietako bi Araban daude: Gasteiz (%14,9) eta Guardia-Arabako Errioxa (%12,3). Beste laurak Gipuzkoan daude: Bidasoa Beherea (%14,1), Debabarrena (%12,2), Goierri (%11,9) eta Donostialdea (%11,7).

Hala, nabarmentzekoa da Gasteizko kuadrilla, han baitago atzerritar jatorriko pertsonen proportzio handiena, eta Bidasoa Beherea legoke bigarren postuan, mugaren inguruan kokatutako herrietan.

Bigarren talde batean daude atzerritar jatorriko biztanleak EAEko batez bestekotik behera baina %10etik gora diren eskualdeak eta kuadrillak: Bilbo Handia (%11,3), Arabako Lautada (%11,0), Markina-Ondarroa (%10,9), Añana (%10,8), Gernika-Bermeo (% 10,7), Tolosaldea (%10,6) eta Durangaldea (%10,2).

Azkenik, eskualde eta kuadrilla hauetan dago atzerritar jatorriko pertsonen ehuneko txikiena: Debagoiena (% 9,9), Urola Kosta (% 9,5), Arratia-Nerbioi (% 9,2), Plentzia-Mungia (% 8,7), Enkarterri (% 8,3), Gorbeialdea (% 7,8), Aiara (% 7,6) eta Arabako Mendialdea (% 7,4)

BILAKAERA

Migrazio fluxua pixkanaka handitzen joan da azken urteetan zehar. 1998an atzerritar jatorriko biztanleak biztanleria osoaren %1,3 ziren. Handituz joan zen pixkanaka eta 2008an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %6,6 ziren. Eta ordutik aurrera, ekonomia-krisiaren ondorioz, migrazio-fluxuak gero eta motelago hazi dira. 2019an biztanleriaren %10,1 izatera iritsi ziren. Azken urteotako bilakaerari erreparatuz gero, 2014arekiko gehien hazi diren eskualdeak Gipuzkoan daude: Debabarrena (+% 3,9), Goierri (+% 3,6), Tolosaldea (+% 3,6) eta Bidasoa Beherea (+% 3,5).

Migranteen jaiotza eremuaren arabera ezberdina da portzentajea. Latinoamerika da jatorri nagusia, etorkinen %52 han jaioa baita. Horren atzetik Magreb (%14,5), Europar Batasuna (%14,2), Saharaz hegoaldeko Afrika (%7,2) eta Asia (%6,5) daude.

Jatorriko herrialde nagusiei erreparatuta, ordea, Maroko da EAEko etorkinen jatorri nagusia; Kolonbia, bigarren herrialdea, ugari baitira handik lekualdatutakoak eta, eta jatorri nagusia da, esate baterako, Gasteizen. Donostialdean, berriz, atzerriko jatorri nagusia Honduras da.

Gizon eta emakumeen arteko oreka dagoela esan daiteke, nahiz eta emakumeak apur bat gehiago diren, %52,3. Sexuaren araberako banaketa horrek zerikusia du jatorri geografikoarekin, Ikuspegiren arabera; emakumeak gehiago baitira latinoamerikar jatorrikoak, eta gutxiago, berriz, Saharaz hegoaldeko Afrikako eta Magrebekoak.