Inurriak bezain txikiak
Gogoan dut haurra nintzenean inurriei begira denbora pasatu ohi nuela: «Zein txikiak diren, baina nolako handitasuna duten», pentsatzen nuen nik miresmen osoz; izan ere, haien eta taldearen bizitza edo, gutxienez biziraupena, aurrera eramateko gai ziren, arazoak arazo, zailtasunak zailtasun.
Noizbait inurriak behatzen gelditu bazarete, ohartuko zineten beti ari direla lanean eta taldean; argi dute zein den haien eginbeharra eta ibilbidea taldean dauden bitartean; alabaina, baten bat isolatuz gero, inurri hori taldearen bila ibiltzen da jo eta ke, ez baitaki nora joan, ez baitauka zeregin eta helburu zehatzik, taldean ez badago. Inurri bakoitzak bere zeregina dauka: esaterako, inurri langileak janaria bilatu eta aurkitzeaz arduratzen dira; inurri soldaduak, beren taldea edo komunitatea babesteaz; inurri biltzaileak indartsuenak dira eta jasotako janaria garraiatzea dute xede; azkenik, inurri erregina dugu, handia eta hegalduna, etengabe ernaldu eta ugaltzea da haren lana. Ikusi bezala, inurrien lanaren inguruko zalantzarik ez dago eta haien zereginek taldean daukate zentzua; ez, ordea, bakardadean.
Inurrien harira, hainbat gogoeta datozkit burura. Esaterako, zalantza dut ez ote garen geu ere inurritegi bilakatzen ari. Izan ere, inurriak bezala hara eta hona gabiltza gizakiok taldean, gelditu gabe, edo gelditu ezinik. Denok izan behar dugu zeregin zehatz bat, helburu jakin bat, erantzukizun bat. Denok eskaini behar diogu zerbait gizarteari, geure burua lehertzeraino bada ere; bestela, zertarako gaude? Zertarako nago ni hemen? Inurri bakoitzak balioa du taldeari baliagarri zaiolako; hain zuzen ere, taldeari ematen dion dena delako horrek egiten du baliotsu. Hala dirudi, behintzat. Bada, geuk ere, bat-batean, inurrien antzera diseinatu dugu geure gizartea eta, badirudi baliotsuak garela gizarteari nolabait baliagarri gatzaizkion bitartean. Eta, bestela, zer?
Egia da, giza-inurritegiaren kasuan, badagoela noizbehinka taldeari segitu ez eta une batez so egiten duena, eman zaion edo hartu duen rolarekin eroso sentitzen ez dena, gizarteari ematen dion horrekin gustura ez dagoela ohartzen dena, edota gutxienez, zalantzan jartzen duena. Gizaki bat gelditu daiteke, tartetxo batez behintzat, baina, inurritegian gertatzen den moduan, gizataldea ez da sekula geldituko haren zain, hark etorri beharko du berriz ere bere lana egitera, taldea jarraitzera, gizartearen jokoan jolastera. Eta horrek badu, gutxienez, arrisku bat: baliagarri izan nahian, baliotsu ez sentitzea. Bizitzaren bizkortasunean geldo ikustea, inurritegiaren handitasunean txiki sentitzea.
Eta, halako batean, bizi garen mundu bizian, inurriak bezain langile izango gara, bai, baina inurriak bezain txiki sentitzen denik ere agertuko da, baliagarria izan nahian, besteen onespenaren esperoan. Agian perspektiba pixka bat hartu eta galdegin behar genuke ia zein den baliagarri eta baliotsu izatearen zerizana. Baliotsuak gara baliagarriak bagara? Eta baliagarriak ez bagara, ez dugu baliorik? Tira, hurrengo gogoeta baterako, akaso!

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
