Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ezbeharrak saihestuta, denak gustura itzuli ziren etxera Galdakaotik

Hezetasunak eta 15 tantoen langak baldintzatutako partida 22-18 irabazita, Altuna III.ak-Imazek Peña eta Rezustaren aurka jokatuko dute Masterseko finalerdia eta Jakak-Martijak Ezkurdia eta Mariezkurrena izango dituzte parean Nafarroa Arenan.

Atseden hartuta, Jokin Altunak beste freskotasun bat erakutsi zuen.
Atseden hartuta, Jokin Altunak beste freskotasun bat erakutsi zuen. (Ariz LOIOLA | FOKU)

Pilotari bat ez da sekula etxera gustura joaten 22ra heldu gabe, baina gauzak zeuden bezala, gustura egoteko moduan dira atzo Galdakaon 18 tantotan geratu ziren Jaka-Martija, bezperan Larrazabal-Zabaletak egindako 15ak gaindituta, langa pasatu eta Masterseko finalerdietan izango direlako, atzoko lehian nagusi izan ziren Altuna-Imazekin batera. Bikote gipuzkoarrak herrialde bereko beste bikote bat, Peña-Rezusta, izango du arerio irailaren 29an jokatuko diren finalerdietan eta Galdakaoko galtzaileek Ezkurdia-Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute.

Baina Nafarroa Arenan egon ahal izateko egin beharreko tanto kopuruarena ez zen atzoko pilotarien jarduna baldintzatu zuen faktore bakarra; pilotalekuan, batez ere ezkerpareta inguruan bosgarren koadrotik atzera agertutako hezetasunak ere zeresan handia izan baitzuen euren lanean. Baita Jon Apezetxea intendentearenak ere. Izan ere, azken orduko erabakiak hartu behar izan zituzten arduradunek, frontoia jendez betetzean egoerak okerrera egin zezakeelakoan, estelarra salbatu eta partiden ordena aldatu baitzuten. Hala ere, pilotariek dezenteko beldurrarekin jokatu zuten, ikuskizunaren kaltetan, baina zorionez inork ez zuen minik hartu eta erabakiak ontzat eman behar da.

GILTZA, GALDUTAKOETAN

Eta egoera baldintzatzaile horiek guztiak kontuan hartuta, Galdakaoko pilotalekura gerturatu ziren zaleek bi aurrelarien erasorako dohainez gozatu ahal izan zuten, baita atzelariek tarteka jotako pilotakada biziez ere, batez ere hanka geldian jotzeko moduan izan zutenean, baina egia da lehiakortasun apur bat falta izan zitzaiola lehiari osoa izateko.

Espero zen bezala, atzelarien artean inor ez zitzaion besteari argi nagusitu -hori bai, tarteka aurrean pilota izan zutenean, biek ondo astindu zuten eta, ohikoa duten gisan, biak oso seguru aritu ziren, zutik egoteko izan zituzten zailtasunak kontuan izanda-, partidak oso hasiera orekatua izan zuen markagailuan oro har, nahiz eta tantoak takadaka lortu batzuek eta besteek, sakea nork zuen.

Gauzak horrela, partidaren orekak aurrean hautsi beharra zuen eta oraingo honetan Altunaren aldera jo zuen partidak. Alde batetik, amezketarrak bere lagun lizartzarrak baino tanto gehiago amaitu zituelako -esaterako, finalerdietarako txartela ziurtatu zien bi paretako matematikoan-, baina batez ere huts gutxiago egin zituelako. Jakak berak aitortu zuen bezala, «tokan txapeldun» irten zen Baikokoa, zenbait txapa jota, eta horietariko batzuk, gainera, aukerako pilotetan, eta hor joan zitzaizkien, hain zuzen, garaipenerako aukerak.

Baina, modu ez horren ikusgarrian izanik ere, Imazek ezkerparetan gora botatako pilota batek eman zien helburu zuten 15. tantoa eta atzoko partida ontzat eman beharrean dira. Azken txanpan finalerdian Ezkurdia eta Mariezkurrena saihestea baino ez zuten jokoan, eta gogoratu beharra dago eurak izan direla orain arte nafarrei irabazteko gai izan diren bakarrak.



Faktoreen ordena baino ez zen aldatu

Pilotariak ez ezik, enpresetako arduradunak ere, kasu honetan Aspekoak, gustura etxeratzeko moduan izan ziren azkenean, Galdakaoko jaialdia inolako ezbeharrik gabe salbatzeko modua izan zuten eta. Eta hori, jaialdia hasi baino minutu batzuk lehenago tentsio handiko uneak pasatu behar izan zituzten arren, lehen partida jokatzeko berotzen ari ziren pilotariek kantxan, batez ere ezkerpareta inguruan eta bosgarren koadrotik aurrera, hezetasuna nabaritu baitzuten.

Haize korronterik sortzeko aterik edo aire giroturik gabe, pilotazaleak sartu ahala pilotalekuaren tenperaturak gora egin eta hezetasuna handituko zen beldurrez, estelarra salbatu nahian, jaialdiko partiden ordena aldatzea erabaki zuten eta, zorionez, ez zen inolako ezbeharrik izan. Are gehiago, egitekotan, egoerak zertxobait hobera egin zuen, hein handi batean, pilotalekuko arduradunen lanari esker. Izan zen estelarrean lehiakortasun apur bat gehiago faltan bota zuenik, baina gutxienez, bi partidetan, aurrelarien erremate sorta eder batez gozatu zuten. J.O.