Eli PAGOLA APEZETXEA

Mutrikuko olatu planta, laborategi bat itsas barnera begira

Itsasoa bare-bare harrapatu dugu; haizea, hala ere, bizi-bizi dabil. Geoparkeak antolatutako Mutrikuko olatu plantaren bisitan parte hartuko dugu, Violeta Bandres gidariarekin. Sarea elektrizitatez hornitzen du, baina ez da hori bere funtzio nagusia: ur zutabe kulunkarien teknologia frogatzen ari dira, ur sakonean martxan jartzeko.

Mutrikuko olatu planta sarea elektrizitatez hornitzen duen instalazio bakarra da oraingoz. Baina ez da hori bere helburu nagusia; bere helburu nagusia ikerketa eta tamaina errealeko probak ahalbidetzea da. Irudia 2016koa da.
Mutrikuko olatu planta sarea elektrizitatez hornitzen duen instalazio bakarra da oraingoz. Baina ez da hori bere helburu nagusia; bere helburu nagusia ikerketa eta tamaina errealeko probak ahalbidetzea da. Irudia 2016koa da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal kostaldeko geoparkea Deba, Mutriku eta Zumaiak osatzen dute. 2010az geroztik Europako eta munduko geoparkeen kide da. 2015aren hondarrean Unescoren izendapena eskuratu zuen. Urte osoan dibulgazio jarduera ugari antolatzen ditu, parkearen ondare naturala eta biztanleen parte-hartzea sustatzeko.

Mutrikuko olatu planta Bimep ikerketa zentroaren eskumenekoa bada ere, bertara egiten diren bisiten parte da geoparkea, lantzen dituen balore geologikoak, kulturalak, historikoak eta teknologikoak bere baitan dituelako. Bisitetan Energiaren Euskal Erakundeak ere parte hartzen du.

Portua babesteko dikea eraikitzean txertatu zuten planta honek 16 sorgailu ditu, guztira 296 kilowatteko potentzia du instalatuta, eta horrek gutxi gorabehera urtean 400.000 kilowatt-orduko ekoizpena duela esan nahi du. Sarea elektrizitatez hornitzen duen instalazio bakarra da oraingoz. Baina ez da hori bere helburu nagusia; helburu nagusia ikerketa eta tamaina errealeko probak ahalbidetzea da.

«2021ean, zentroak 10 urte bete zituenean, bisita berezi batzuk egin genituen, barruan. Hainbeste zarata zegoenez, azalpenak kanpoan eman behar izan genituen», oroitu du Valeria Bandres bisitaren gidariak. Ur zutabe oszilatzaile bat da, hormigoizkoa, behealdea uretan murgildua duena. Olatu bat etortzean, zutabean ura sartzen da eta barruko airea kanpora aterarazten du. Aire horrek turbina baten helizeak mugitu eta sorgailu bati eragiten dio. Olatuak behera egiten duenean, berriz, zutabean hutsune bat sortzen da eta haizea bertara sartzen da. Mugimendu horrek beste behin abiarazten ditu helizeak eta, ondorioz, sorgailua. Laburbilduz, turbinara heltzen dena ez da itsasoko ura, olatuek mugiarazitako haizea baizik, bi norabidetan.

MAMUA

«Ideia ez da berria. Denok jolastu dugu haizearen orratzarekin txikitatik. Hemen ezin da ura sartu. Oso ondo kalkulatu behar da kameraren sakonera. Bi aldiz dena eten da, ziklogenesi esplosibo batengatik. Baina momentuz ez da matxurarik izan».

Ziklogenesia gertatu zenean famatu egin zen planta, soinu oso ozen bat aditu zelako Mutrikun eta aldameneko herrietan. Mutrikuko mamua edo herensugea deitu zioten. Langileek ez zuten ulertzen zer gertatzen zen. Turbina bat gaizki zigilatua zegoen eta hortik atera zen zarata.

Bandresek esplikatu duenez, olatuek itsaso sakonean dute indar gehiago, eta han, haien teknologia itsas eolikoen kudeaketa on batekin uztartuta zer gertatzen den aztertuko dute. Tresnak ainguratua egon behar du, eta aldi berean, kulunkaria izan behar du; oso zaila da. Laborategia da hau.

Tolosan egin dute teknologia. «Goazen gure sare industriala indartzera. Matxuratzen bada, bertan konponduko dute».

OREKA

Energia berriztagarriak ez du inpakturik eza esan nahi. «Oreka behar da». Finlandia, Italia eta Portugaleko kideekin harremanetan daude, ikustera etorri dira. «Baldintza fisikoak eta ekonomikoak bete behar dira. Hori gertatzen zaio oro har itsasoari, ahalmen handia du energia sortzeko, baina baldintzak zorrotzak dira».

Badira itsas energia aprobetxatzeko era gehiago ere: ur korronteen bidezkoa, gatz gradientea aprobetxatzen dutenak, gradiente termikoa darabiltenak... Baina horien egokitasuna tokian toki aztertu behar da, eta, Energiaren Euskal Erakundearen arabera, euskal kostaldean olatu bidezkoa da bideragarriena. Zenbateraino, ordea? Euskal kostaldeak 150 kilometro inguru ditu, eta horiek aprobetxamendu energetikoz betetzea astakeria bat da.

Ikerketak itsas barnera begiratzen du. Zenbat eta barrurago joan, energia gehiago dago eta konstanteagoa edo linealagoa da. Dirudienez itsas energia eolikoaren bidea hartu du olatu bidezkoak. Mutrikuko planta bisitatzeko, geoparkean sarrera eskuratzea besterik ez da egin behar. Aukera ederra da ikerketa zentroa ezagutzeko.