EBk ibilgailuen isuri helburuak malgutzea txalotu egin du Tapiak
Arantxa Tapia sailburuak txalotu egin du Europako Batasuneko Industria ministroek ibilgailuen isuri helburuak malgutzeko egindako proposamena: «Beharrezkoa zen», automobilgintzan «desegonkortasuna, ziurgabetasuna eta zalantzak sortzen ari zirelako».

Europako Batasuneko estatuen Industria ministroek ibilgailuen isurietarako helburuak malgutzeko astelehenean egindako proposamena «beharrezkoa» zen, halaxe adierazi zuen Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak. Aipatutako «erabakia positiboa» dela nabarmendu zuen.
Zehazki, Euro 7 arauaren ezarpena 2025etik 2027ra atzeratzea adostu dute ibilgailu arinentzat eta 2027tik 2029ra kamioientzat. Tapiak esan zuenez, hartu beharreko erabakia zen, «Europako ekonomiarentzat funtsezkoa den sektore batean desegonkortasuna, ziurgabetasuna eta zalantzak sortzen ari zirelako».
«Horrek suposatzen du sektore garrantzitsu batek galdu zezakeela enplegagarritasuna», adierazi zuen Lehendakaritzan egindako agerraldian. «Sektorea bera kolokan jar zezakeen», ohartarazi zuen, bere esanetan automobilgintzarako epe horiek bete ahal izatea «ezinezkoa» zelako.
Tapiak Europako Itun Berdeari buruz hitz egin zuen, 2050ean deskarbonizazio helburuak ezartzen dituenari buruz, hain zuzen. Esan zuenez, «erantzukizunez» arituko dira. «Malgutze honek laguntzen duelako Industria bizirik iristea 2050. urte horretara. Baina jakin beharra dugu emisioak murriztu behar direla», gaineratu zuen.
Tapiak aitortu zuen Lakuak beste erakunde batzuekin batera presioa egin duela helburuak malgutzeko: «Oso aktiboak izan gara». Bere iritziz, «ezinbestekoa zen Gobernuaren inplikazioa Industria ikuspegi batetik».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
