Alfontso DIEZ

ROBIN HOOD-EN ZUHAITZA ERAITSI DUTE

Hadrianoren Harresiaren alboan zegoen eta «Robin Hood: Lapurren Printzea» film ezagunean agertzen den “Sycamore Garp Tree” izeneko 300 urteko astigar sikomoroa ebaki du 16 urteko nerabe batek.

Hadrianoren Harresiaren beste aldera erori zen arbola.
Hadrianoren Harresiaren beste aldera erori zen arbola. (Oli SCARFF | AFP)

Ondare preziatutzat zuten Ingalaterran “Sycamore Gap Tree” izenez ezaguna zen arbola, batik bat Kevin Costner eta Morgan Freeman protagonista dituen “Robin Hood: Lapurren Printzea” filmean (1991koa) agertu zenetik. Datu soil batek dena esaten du: Britainia Handian azken 20 urtean argazki gehien atera den txokoa da. Bada, beste inork ezingo du halako irudirik hartu erromatarrek eraikitako Hadrianoren Harresiko puntu horretan; ez behintzat, astigar sikomoro ikonikoa atzean duela: ostegunean 16 urteko nerabe batek oinaldetik guztiz ebaki eta lurreratu egin zuen, «seguruenik motozerra batekin». Poliziak atxilotu egin zuen, «bandalismo» delitua egotzita.

Northumberlandeko Parke Nazionaleko arduradunek eta Poliziak berak «mundu mailako izen handiko ikono» gisa deskribatu zuten zuhaitza, eta haren galerak «tokiko komunitate osoan zirrara, tristura eta haserre handia» eragin duela ziurtatu zuten.