Pentsiodunek kaleak hartu dituzte Adinekoen Egunaren biharamunean
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, atzo manifestazioak egin zituzten hiriburuetan, bai eta beste zenbait herritan ere. Bilbon kalera irten ziren Babestu Bizkaia elkartearekin batera, eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari eskutitza helarazi zioten.

Pentsiodunek, asteleheneroko elkarretaratzeen ordez, manifestazioak egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan, bai eta beste herri batzuetan ere. Adinekoen Nazioarteko Eguna izan zuten igandean eta, horregatik, berezia zen protesta.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu zuen mobilizazioetara, eta Euskal Herriko zaintza erabiltzaileen eta familien elkarteak batzen dituen Zaintza Babesten federazioko kideen babesa izan zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Bilboko mobilizazioa udaletxetik abiatu zen. Buenos Aires kalean gora abiatu ziren ehunka pentsiodun, Babestu Bizkaia elkarteko kideekin batera, Kale Nagusian barneratu eta Foru Jauregiaren aurrera iritsi arte.
Han, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko Lola Gomezek eta Babestu Bizkaiako Iraide Urrizek eskutitza helarazi zioten Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiari. Idatzian azaldu zioten bost urte baino gehiago daramatzatela Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak eta Babestu Bizkaiak bilera bat eskatzen, dauzkaten eskakizunak aurrez aurre azaltzeko.
Halaber, adierazi zioten adinekoen bizi baldintza duinak ez daudela bermatuta gaur egun, Hego Euskal Herrian 200.000 pentsiodun baino gehiago bizi direlako 1.080 eurotik beherako pentsioekin, «eta horrek ez die uzten oinarrizko beharrei aurre egiten».
Ildo beretik jarraituz, eskutitzean kritiko azaldu ziren mendekotasuna duten pertsonak artatzeko dauden baliabideen pribatizazioarekin. Adierazi zuten baliabideok kudeatzeko modu honek zerbitzua garestitu eta honen kalitatea zein langileen baldintzak okertu besterik ez duela egiten. Gomezek eta Urrizek mobilizazioaren amaieran azaldu zituzten Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren eta Zaintza Babesten federazioko kide den Babestu Bizkaiaren eskakizunak, bereziki azpimarratuz 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
Izan ere, ohartarazi zuten genero arrakala nabarmena dela pentsioen kasuan eta, honenbestez, emakumeak direla batez ere pentsio baxuenak jasotzen dituztenak.
Horrez gainera, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei galdegin zieten mendekotasuna duten pertsonak artatzeko kalitatezko sistema publikoa garatu dezatela, eta EAEn, zehazki, zahar-etxeen inguruko dekretuaren zirriborroan zuzenketak egitea, betiere gizarte eragileen parte hartzea kontuan hartuta.
Gasteizko mobilizazioa Plaza Berritik abiatu zen, udaletxe aurretik alegia, Iruñean bezala.
Donostian Alderdi Eder izan zuten abiapuntua eta, Bilbon egin bezala, gutuna helarazi zioten Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiari.
Nafarroako hiriburuan, bestalde, manifestazioa egin zuten igandean ere, Mayores contra la Crisis plataformak antolatuta.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
