Jon ORMAZABAL
PILOTA

Labriteko aterpe goxorik gabe jokatuko da aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketa

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak azken sei txapelak jantzi dituzte eta aurten ere eurei begira daude begirada guztiak. Txapelketa ostiralean hasiko da, Agoitzen, Artola/ Asier Agirre partidarekin eta finala azaroaren 19an jokatuko da Bilbon.

Finala jokatuko den frontoian, Bizkaian, izan zen txapelketaren aurkezpena.
Finala jokatuko den frontoian, Bizkaian, izan zen txapelketaren aurkezpena. (Oscar MATXIN EDESA | FOKU)

Udako eromenaren ostean, urria izan ohi da pilotazaleak frontoira gerturatzeko hilabeterik zailenetako bat eta ostiral honetan Agoitzen hasiko den Lau eta Erdikoa normalean erantzunik onena izaten duen Labriteko aterpe goxorik gabe jokatuko da. Bertan egiten ari diren hobekuntza lanengatik -digitalizazioa eta kilmatizazioa hobetzeko lanetan ari dira- Iruñeko pilotaleku kuttuna ez da erabiltzerik izango eta enpresek, Binakakorako Labriten partidak iragartzeko moduan izango diren esperantzarekin, plaza berriak bilatu behar izan dituzte. Berrikuntzen artean nabarmenenetakoen artean Bilboko Deportivo eta Bermeo leudeke. Finalerdiak Gasteizen eta Eibarren jokatuko dira eta finala azaroaren 19rako iragarria dago, iaz bezala Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Labriten hutsune hau, nolabait, bat dator bertan txalo gehien biltzen duen pilotari baten faltarekin, udan gertatu bezala, Unai Lasok aldakan izan zuen ebakuntzaren osatze prozesuan jarraitzen duelako, eta honen kasuan ere Binakakoa da itzulerako ortzi-muga. Bizkarreta-Gerendiainekoak behar luke, ondo bidean, Aspek azken urteotan Lau eta Erdikoan sortu duen gotorlekuan arrakalak irekitzeko aukera nagusietako bat. Joseba Ezkurdia eta Jokin Altunaren artean irabazi dituzte jokoan jarritako azken sei txapelak -amezketarrak azken zazpi finalak jokatu ditu jarraian- eta aurten ere eurak dira hasierako pronostikoetan faborito garbi agertzen diren bi izen nagusiak.

BANAKETA ASIMETRIKOA

Ondo funtzionatzen duena ez dela gehiegi ukitu behar sinetsita, berrikuntza handirik gabe aurkeztu zen atzo Bilbon aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketa. Azken urteetako lehiaketa sistema berari eutsiz, enpresa bakoitzak seina pilotari aurkeztu dituen arren, iazko emaitzen arabera, pilotari horien kokapena ez da simetrikoa izango eta, esaterako, lau zerrendaburuak Aspekoak izango dira, finalerdietan Eibarko enpresako lau pilotari, Ezkurdia, Altuna III.a, Elordi eta Peio Etxeberria, izan zirelako.

Aurtengo edizioan bi izango dira aurpegi berriak, uda osoan bezala Unai Lasoren hutsune handia betetzeko Baikoren apustua dena, hots, Iker Larrazabal gazte amurrioarra, eta, Aspetik, iazko Promozio mailako txapelduna izan zena, Iker Salaberria. Goizuetarrak, gainera, atarikorik jokatu behar izan gabe lortu du lekua txapelketan eta Dario Gomez izan da azken galbahean geratu den pilotaria, Danel Elezkanoren aurka galduta. Gaua sukar puntu batekin pasatuta, Zaratamokoak ez zuen atzoko aurkezpenean egoterik izan, baina igandean jokatzeko moduan egotea espero dute bere enpresan.

HASIERA AGOITZEN

Aurkezpenean egin zen zozketak hala erabakita, txapelketa ostiral honetan hasiko da Agoitzen Iñaki Artola eta Asier Agirreren arteko partidarekin eta Amezketan poz handiarekin hartu zuten zozketaren emaitza, alegiarrak bere partida aurrera aterako balu festa ederra antolatuko baita Larrunarri pilotalekuan, Jokin Altunaren aurkako partida jokatuko bailuke hurrengo ostiralean.

Lehen jardunaldia Laudion (Jaka/Larrazabal) eta Tolosan jokatuko diren bi partidekin osatuko da (Urrutikoetxea/ Salaberria eta Elezkano/Peña).