GARA
GASTEIZ

Fortuna handien gaineko zergaren aurreproiektua argitaratu dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek fortuna handien gaineko aldi baterako zergaren aurreproiektua argitaratu dute. Gipuzkoak informazio publikoaren faseari ekin dio, dokumentua egoitza elektronikoan argitaratuz.

Bizkaiko Ogasun eta Finantza saila.
Bizkaiko Ogasun eta Finantza saila. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergaren Foru Arauaren aurreproiektuak egin dituzte, modu koordinatuan.

Foru-erakundeek behar diren izapideak egiten jarraitzen dute zerga berri hori beren lurralde historikoetako zerga-sistemetan sartzeko eta 2023ko ekitaldi honi dagokion zerga kobratzeko.

Gipuzkoako Aldundiak atzo ohar batean azaldu zuenez, herrialde honen kasuan aldundiak aurreproiektua jendaurrean jartzeko prozedura hasi zuen atzo bertan, foru-arauaren aurreproiektua herritarren partaidetzarako atarian argitaratuta. Aurreproiektu horrek ondarearen gaineko zergaren osagarri izango den zerga bat proposatzen du, pertsona fisikoen 3.200.000 eurotik gorako ondare garbia zergapetzeko, hain zuzen.

6.400.000 eurorekin kuota 54.400 eurokoa izango litzateke, %2,10eko tasa aplikagarriarekin; 12.800.000rekin, 188.800 euroko kuota, %2,50eko tasarekin, eta 16 milioi eurorako, 268.800 euroko kuota eta %3,50eko tasa.

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, osagarria denez, fortuna handien elkartasunaren aldi baterako zergaren kuota osoari ondarearen gaineko zergaren kuota likidoaren zenbateko bereko kenkaria aplikatuko diote zergadunek, ondasun eta eskubide berberen gainean zergapetze bikoitza gerta ez dadin.

Aldi baterako zerga denez eta Ekonomia Itunean jasotzen denez, Gipuzkoan izango du indarra, lurralde erkidean indarrean dagoen bitartean.