Jon ORMAZABAL
PILOTA

Gazteen bizitasuna eta abiadura nagusi, Tolosako belaunaldi arteko talkan

Salaberriak 22-14 irabazi zion partida erdi aldera min hartu zuen Mikel Urrutikoetxeari eta, sakearekin 10 tanto zuzenean lortuta, Jon Ander Peñak ez zion inolako aukerarik eman Danel Elezkanori, apenas ordu erdi iraun zuen partidan (22-5).

Iker Salaberria oso zorrotz aritu zen errematean eta ondo irabazi zuen.
Iker Salaberria oso zorrotz aritu zen errematean eta ondo irabazi zuen. (Jon URBE | FOKU)

Bizilegea omen, eta bezperan Laudion Iker Larrazabalen pilotakaden abiadurak Erik Jakaren ofizio handiagoaren aurka amore eman zuen bezala, Beotibarreko belaunaldi talka bikoitza gazteenen bizitasunaren alde erori zen, eta Iker Salaberriak eta Jon Ander Peñak osatuko dute Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxka, Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano zaratamarrei gailenduta. Hori bai, gainontzean, elkarren batere antzik gabeko norgehiagokak izan ziren atzo Tolosan jokatutako kanporaketak.

Lehen partidan, 10 urte gazteagoa den Iker Salaberriak lortu zuen final laurdenetarako txartela -Ezkurdiaren aurka jokatuko du igandean Lekunberrin-, Mikel Urrutikoetxeak 9-10ekoan sakea egitera joan zenean ezker bikian izandako lesioak baldintzaturiko partidan. Une batez, lehiak hortxe amaitu behar zuela zirudien, Zaratamokoaren herrenak eta bere aurpegiak ez zutelako ezer onik aurreikusten uzten. Baina aldagelan Txema Urrutia medikuak ingurua lotu zion, eta, zalantza askorekin izan bazen ere, bizkaitarrak jokatzen jarraitu ahal izan zuen, hala nolako normaltasunez, nahiz eta, batez ere desplazamenduetan eta sakeak egiterako orduan, mina nabaritu.

Eta ustez zuntz haustura batekin arituta -mediku probak egin beharko dizkiote lesioaren larritasuna ezagutzeko-, Zaratamokoak nahikoa egin zuen arren, ezin izan zuen askoz gehiago egin partida osoan zehar oso kontzentratua aritu zen iazko Promozio mailako txapeldunaren aurka. Lehen pilotakadatik, ideiak oso argi izan zituen goizuetarrak, eta aurkaria alderik alde mugitzen saiatu zen etengabe bere eskumutur zoragarri horri esker. Urrutikoetxea hasieratik lotu xamar aritu bazen ere, nafarraren estrategiari saketik gehiago asmatzea baino ez zitzaion falta izan markagailuan errenta handiagoak lortzeko, errematean, gantxoarekin batez ere, oso zorrotz aritu zelako.

Eta Baikoko aurrelariaren lesioak gidoi horretan are gehiago tematzeko arrazoiak eman bazizkion ere, sakean egindako hobekuntza izan zen bere garaipenaren giltza nagusietako bat, 13-16 zirela Urrutikoetxeak sakez egindako falta ahaztu gabe.

Partidako azken txanpa horretan, aurkariaren pilota batekin gainera, askoz gehiago baztertu zuen lehen pilotakada paretara, eta hortik heldu zitzaion garaipenaren zati handi bat, Urrutikoetxearen defentsa aukerak ahulduta, sake-errematearekin ere eraginkorragoa izan zelako.

PEÑA, NAHIERAN

Oso bestelakoa suertatu zen Beotibarreko bigarren kanporaketa, eta Jon Ander Peñak uste baino askoz errazago lortu zuen, bigarren urtez jarraian, final laurdenetarako txartela. Apenas ordu erdi iraun zuen lehian, tolosarrak etekin izugarria atera zion sakeari -denera 10 tanto lortu baitzituen lehen pilotakadarekin, eta horri Elezkanok txokotik aterata egindako falta gehitu behar-, eta nahieran aritu zen.

Baina sakean ez ezik, jokoan ere pilota oso bizi erabili zuen etxean jokatu zuen pilotariak, eta erabat gainditu zuen bere egunik onena izan ez zuen Elezkanoren defentsa. Berak aitzakiatzat erabili nahi izan ez zuen arren, aurrelari bizkaitarra sukarrak jota egon da astean zehar, ez zuen aurkezpenera eta material aukeraketara joaterik izan, eta atzo bere mailatik oso behera aritu zen, tantoa luzatzeko inolako asmorik gabe, tanto bakoitza zirt edo zart jokatu nahian.

Hasieratik Peñaren sakeak itzuli ezinik aritu zen Aspekoa -argi zuen errestoan pilota jartzearekin ez zela nahikoa-, eta bere burua 1-8 atzetik ikusita, azkar xamar hartu zuen etsiak. Kolore bakarreko partidan, Peñak iaz lesio malapartatu haren aurretik emandako itxura ona berretsi zuen, hori bai, atzokoan txikia izan zen aurkari baten aurka.

Ligaxka Bilbon hasiko du tolosarrak larunbatean, Aitor Elordiren aurka, egungo sakatzailerik onenetakoen arteko lehian. Atzo bezala asmatzen badu, asko izango du egina.