EAJk «aberatsentzako ‘foru baimena’» onartu nahi duela salatu du EH Bilduk
Bizkaiko Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramaile Iker Casanovak gogor kritikatu zuen atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek proposatu duten Fortuna Handien gaineko zergaren araua, eta «foru baimenarekin» alderatu zuen: «Zerga berriaren potentzialitatea hustu egin dute, eta esan dezakegu aberatsen alde ‘foru baimena’ aplikatu dela aldundien partetik».

EH Bilduk gogor kritikatu zuen atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek aurkeztutako Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergaren Foru arauaren aurreproiektua. Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile Iker Casanovaren esanetan, «zerga berriak eskaintzen dituen aukerak ez dira baliatzen».
«Hustu egin da zerga berriak duen potentzialitate guztia», azpimarratu zuen Donostian egindako agerraldian. Azaldu zuenez, «transposizioa egitean ahalbidetzen diren tipo berriak ezarri ordez, aldundiek Ondare Zergan agertzen diren tipoak mantentzen dituzte. Beraz, diru bilketa mantenduko litzateke».
«Soilik tarterik handienean, 16 milioi eurotik gorako ondarea duten pertsonek 3,5 puntuko tasa ordaindu beharko lukete. Gainerakoak salbuetsita egongo lirateke eta ez lukete jasoko inolako zerga igoerarik», esan zuen, eta EAEn 17.000 pertsona inguruk Ondare Zerga ordaintzen dutela ohartarazi zuen.
Adierazi zuen pertsona horiek hiru lurraldeetako aberatsenak direla: «Zerga berriak, aldundiek egindako proposamenarekin, 300 bati bakarrik eragingo lieke. EAJk planteatu duen proposamenaren bidez 16.700 aberats libre geratuko dira gehiago ordaintzetik». «Honek zerga berriaren potentzialitatea hustu egiten du, eta esan dezakegu ‘foru baimena’ aplikatu dela aldundien partetik aberatsen alde», gaineratu zuen, historikoki aipatutako «baimena» Espainiako agintariek inposatutako legeei aurre egiteko erabiltzen zela gogoratuz: «Formalki onartzen zen, baina praktikan ez».
«Kasu honetan irauli egin dute kontzeptua. Sortu zen gure herria babesteko, baina EAJk aberatsentzako foru baimena erabiltzen du eliteak babesteko eta aberatsenei zergak barkatzeko», nabarmendu zuen, eta «aukera duenean» EAJk «microdumping fiskala» egiten duela salatu zuen.
«Azken finean, proposamen honekin, Estatuan baino gutxiago ordainduko dute aberatsek. Hau da dumping fiskala egitea eta fiskalitateak eskaintzen dituen aukerak ez baliatzea, onurak lortzeko», esan zuen. Eta galdera bat egin zuen: «Hau izango al da datorren erreforma fiskalaren izpiritua eta ardatza?».
EH Bilduko ordezkariak aitortu zuenez, subiranistak «oso kezkatuta gaude, eta hiru lurraldeetako batzar nagusietan galderak egingo ditugu, jakitearren EAJk hartutako bide honen ondorio ekonomikoak zeintzuk izango diren; alegia, zenbat milioi zehazki barkatuko dizkien EAJk EAEko aberatsenei. Eta kontrol plenoetan ere diputatu nagusiei galdetuko diegu hau izango ote den datorren erreforma fiskalaren filosofia».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
